Gaur iluntzean elkarretaratzeak deitu ditu mugimendu feministak, atzo goizaldean Iruñean jazotako hilketa matxista salatzeko. Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 19:30ean, eta Amurrioko plazan, 19:00etan, bilduko dira herritarrak. Mugimendu feministak gogorarazi du "indarkeria matxistak bost emakume erail dituela aurten Euskal Herrian".
Amurrioko Udalak bat egin du herriko mugimendu feministak hilketa matxista salatzeko deitutako mobilizazioarekin.
Iruñeko Carmen Baroja Nessi kaleko lokal batean hil zuten Kayle Villar Pons 20 urteko emakumea, 01:15 aldera. Poliziak azaldu zuenez, emakumea etxabean zegoen, eta eztabaida izan zuen erasotzailearekin. Horren ostean, gizonezkoak hainbat labankada eman zizkion bularraldean. Ospitalean hil zen emakumea, zauriengatik.