Etengabe goiburu, ekainaren 15ean ospatuko dute 2025eko Araba Euskaraz jaia. Azken urteotan bezala, Gasteizen izango da, Olarizun, zortzi ikastolen elkarlanari esker; protagonista nagusia, ordea, Bastida ikastola izango da oraingoan.
45 urte dira Bastidan ikastola ireki zutela, eta ordutik egindako lana gogoratu dute jaiaren aurkezpen ekitaldian. "Ordutik etengabe ari gara Bastidari kalitatezko hezkuntza eskaintzen, euskaran eta euskal kulturan ardaztuta. Gurasoen kooperatiban antolatua, bokazioak, inplikazioak eta pasioak mugiarazten gaitu", aipatu du Bastidako ikastolako zuzendari Ketxu Bedialaunetak. "Etengabe", halaber, hizkuntza eta kulturaren transmisioan:"Ikastola ereduaren zutabe nagusiak izaki, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa eta biziberritzea ditugu helburu, eta, ezagutzaz gain, erabilera, sormena eta gozamena bilatzen ditugu". Gaur egun 132 ikasle ditu, eta Bastidakoak ez ezik, Euskal Herritik kanpo bizi diren hainbat ikasle ere hartzen ditu. "Eskualde erdaldunean kokatuta egonik, euskalgintzan eragile nagusietakoa da Bastida ikastola, ikastola barruan bezala, herrian ere eragiten diharduelarik euskara biziberritu dadin, Euskaraz Bizi programaren bitartez", azaldu dute antolatzaileek.
Urte osoko ekitaldiak
Ekaineko jai handiarekin batera, aurten ere, ikasturte osora eramango dute Araba Euskaraz, Ikastolen Elkartean batzen diren Arabako zortzi ikastolen artean landu duten egitarauarekin. Urriaren 18an egingo dute aurkezpen jaia Bastidan, eta hortik aurrera, euskal pilota topaketak, kontzertuak eta bestelako jarduerak izango dira.
- Urriak 18: Araba Euskaraz 25 Aurkezpen jaia, Bastida.
- Abenduak 3 eta 4: Gazte Talent lehiaketaren finala, Gasteiz.
- Urtarrilak 26: Go!azen kontzertua, Gasteiz.
- Otsailean: AE 25 Euskal Pilota Topaketak, Bastida.
- Martxoan: AE 25 Abestiaren aurkezpena, Gasteiz.
- Martxoan eta apirilean: AE 25 Maters Series (Jai Alai league), Gasteiz. o Apirilak 4: Non eta Mugan Gazte Topaketa, Bastida.
- Apirilak 11: Elkarrekin Martxan!, Bastida, Argantzun eta Aiaraldean.