MITXEL ELORTZA

"Palestinak bizi duen egoera haurrei kontatu nahi diet"

Erredakzioa 2024ko urr. 14a, 06:00

Euskal Herriko lurralde guztietan aurkeztu nahi dute liburua. Argazkia: ZORROTZ

Askatasun doinua liburua idatzi du Elortzak. Mariñe Jauregi ilustratzailearen irudiekin osatutako album ilustratuak Gaza eta Zisjordania ditu protagonista, hango egoera haurrei azaltzeko.

Palestinan gertatzen ari den "genozidioa" umeei azaltzeko Askatasun doinua (Zorrotz) liburua ondu dute Mitxel Elortza irakasleak eta Mariñe Jauregi ilustratzaileak. Asteon Gasteizen egin dute aurkezpena.

Nondik abiatu zen liburua?

Aurreko ikasturtean Gasteizko euskal eskola publikoetako elkarteetako hainbat guraso Gure haurrak ere badira dinamikan batu ginen, genozidioaren harira haur palestinarrei elkartasuna adierazteko. Gero Euskal Herri osora zabaldu diren hainbat ekimen egin genituen. Dinamika horretan sartuta, pentsatu nuen gure seme-alabei gertatzen ari dena azaltzeko modu bat behar genuela. Haurrekin lantzea ekimena bera bezain garrantzitsua dela iruditzen zait. Beraz, haurren ikuspuntutik lantzea erabaki nuen.

Zer kontatzen du ipuinak?

Palestina deitzen den familia bat agertzen da. Familia hori, libre, pozik eta askatasunean bizi da. Gaza eta Zisjordania neba-arrebak dira. Batek mijwiza jotzen du, arabiar klarinete bikoitza; eta besteak, ouda, arabiar lautea. Baina, bat-batean, familia banatzen dute. Gaza eta Zisjordaniaz gain, beste neba-arrebak agertzen dira ere, ulertarazteko Palestina historikoa handiagoa dela. Mapa batean ikusten da bata ekialdera eta bestea hegoaldera bidaltzen dutela. Ondoren, lurralde bakoitzean dauden arazoak kontatzen ditugu: Zisjordanian arazo handiena da kolonoek palestinarrak beren etxeetatik botatzen dituztela, eta etxeak suntsitzen dizkietela. Israel deituriko familia batek egiten du hori. Horrez gain, harresi bat eraikitzen dute, eta gainerako haurrekin batu ezinik geratzen dira, isolaturik. Askotan esaten da Gaza dela aire librean dagoen kartzelarik handiena. Bada, kontatzen dut kartzelara sartzen dutela, eta Israelek kontrolatzen duela Gazak jaten eta edaten duena. Egoera bidegabe honetan, Gazak eta Zisjordaniak ez dute ulertzen nola gainontzeko helduek ez duten ezer egiten. Bakoitzak bere musika tresna jotzen du, eta batera jotzen dute inoiz inon entzun den musikarik gordin baina ederrena. Azkenean, haurrei elkartasuna adieraztera animatzen ditut. Izan ere, nahi dut haurrak ere parte aktibo izan daitezela egoera honen aurrean.

"PALESTINAKO LURRALDE BAKOITZEAN DAUDEN ARAZOAK KONTATZEN DITUGU LIBURUAN"

Nolakoa izan da Jauregirekin izandako kolaborazioa?

Bera Bergarakoa denez, lan gehiena online egin dugu, baina pare bat aldiz ere bildu gara, aurrez aurre. Neska oso langile eta jatorra da, eta ilustrazio zoragarriak egin dituen artista hutsa da. Collage formatuan egin du ipuina. Gasteizen egindako aurkezpenean, bideo bat proiektatu dugu, nik pianoa jotzen dudan bitartean, haurrek ikus dezaten nolakoa izan den liburuaren sorkuntza prozesua. Eta amaieran ere tailer txiki bat egin dugu umeekin, kartulina eta margoekin, eurek ere Gaza eta Zisjordania etxera eraman ditzaten.

Buru-belarri ibili zara 'Gure haurrak ere badira' ekimenean. Nola abiatu zen?

Zabalganean nire anaia institutuko irakaslea da, eta iazko urrian ekin zion bertan lehenengo kanpainari. Mutil palestinar bat ekarri zuten, eta familiek egin zituzten hainbat bizkotxo saldu eta pintxo pote solidario bat egin ostean, bildutako diru guztia Jabaliako ospitalera bidali zuten. Gero Zabalgana eskolan jarraipena eman genion kanpainari, eta enteratu ginen Mariturri eskoan ere zerbait antolatzen ari zirela. Pentsatu genuen auzo moduan elkartzea eskola guztiak. Abenduan kontzentrazio jendetsu bat egin genuen, erakusketa bat eta txokolatearekin, 900 bat euro bilduz. Martxoan Lakuan antzeko zerbait egin genuen, eta gero eskola publikoetako ia guraso elkarte guztiak Gasteizko Foru plazan bildu ginen; besteak beste, gargantua izan genuen, mosaiko erraldoi bat egin genuen, eta Txoria txori abestu genuen, Palestinaren aldeko letrarekin. Berriro ere bildutako dirua hango ospitale batera bidali genuen. Garai horretan enteratu ginen bereziki Bizkaian ere lelo berdinarekin Euskal Herri mailako zerbait antolatzen ari zirela, eta nazio mailan lanean hasi ginen. Oraindik Nafarroako norbait bilatzen ari bagara ere, ideia da lurralde guztietako norbait egotea. Gasteizko eta Iruñeko parlamentuei eskaera zehatz batzuk egin nahi dizkiegu, Gazan erabat birrinduta geratu diren eskola horiek berreraikitzeko diru laguntza bat eskatuz, eta haurrentzako korridore humanitarioak bermatzeko eskatuz.

Gasteizez gain, non aurkeztuko duzue liburua?

Euskal Herriko lurralde guztietan aurkeztu nahi dugu, eta abenduan ere Durangoko Azokan egongo gara. Modu berean, Gure haurrak ere badira ekimenak parte hartuko du aktiboki aurkezpen horietan.

Zure ustez, zein da Ekialde Hurbilean bakea lortzeko irtenbidea? 

Galdera zaila da hori! Giltzarri hori izango bagenu, ez genituzke ia 80 urte eramango horrela. Nik uste dut benetan elkartasun keinu hauek oso ondo daudela, baina estatu sionistak Ameriketako Estatu Batuen babesa izaten jarraitzen duen bitartean, jai dugu. Eta badirudi horrela izango dela luzaroan. Libanori eraso egin diote, badirudi Iranen aurkako eraso bat hastear dagoela... Aukera bakarra da ekonomikoki zigorrekin hastea, eta boikot kanpaina aktibo bat abiatzea, mundu mailakoa. Hori izango da eraginkorrena. Bestela, ikusten dugu nahi dutena egiten ari direla, eta inpunitate osoz. Gazan 40.000 mila pertsona inguru hil dituzte. Esaten dute hau Hamas gelditzeko dela, baina hildakoen %70 haurrak eta emakumeak dira. Adarra jotzen digute, eta nahi duten guztia egiten ari dira. Egoera etsigarria da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago