Aldundiak Natura 2000 sareko eremuak lehengoratuko ditu, bertako habitatak egonkortu eta espezie babestuak kontserbatzeko asmoz. Europako Batzordeak lehentasunezkoak jotzen diren zonaldeak lehengoratuko dira, Europako Life Global proiektuaren barruan. Arabako hainbat gunek jasoko dute laguntza.
Ingurumena babesteko lanak egingo dira Izkiko parke naturaleko Olandinako urmaelean eta zohikatz eremuetan; Guardiako erreserba naturaleko Musco, Carralogroño eta Carravalsecako aintziretan; Entziako Toberia ur jauzian eta Iturbaltz urmaelean; Caicedo-Yuso eta Arreoko lakuan eta Valderejo, Sobron, Gorbeia eta Kantabriako Mendilerroko beste hezegune eta enklabe batzuetan.
Kaltetutako eremu bat lehengoratzeko, eta dauden mehatxu eta gorabeherak zuzentzeko, hainbat jarduera egin behar dira. Prozesu ekologikoek funtzionaltasuna berreskuratzea da helburua, animaliek eta naturak berak bide hori hartu dezan errazteko.
Adibidez, Olandinako urmaelean aintzira kubeta berreskuratuko dute eta ertzak lehengoratuko dira. Iturbaltz putzuan, berriz, fauna autoktonoa kontrolatzeari ekingo zaio. Musco, Carralogroño eta Carravalsecako aintziretan habitataren kalitatea hobetuko da, komeni ez diren landareak sorrarazten dituzten harri edo hondakinak kenduta, eta babeserako iragazki eta antzekoak jarrita.
Mehatxatutako habitatak eta espezieak babesteko balio handikotzat jotzen dira hezegune eta naturgune hauek. Ez da Araban soilik garatuko ekimena. Life Global proiektuan, Aldundiaz gain, Nafarroa, Gaztela eta Leon, Galizia eta Portugalgo erakunde publiko ugarik hartzen dute parte.
Bost milioi eurotik gora bideratuko dira proiektu honetara, 5.182.380 € zehazki. Aldundiak 1.390.700 euro jarriko ditu, eta Life funts europarrekin finantzatuko da %75a.