Arabako erresidentzien sektoreak beste greba egun bat izango du, urriaren 17an. Atzo bildu zen sektoreko mahai negoziatzailea, baina "eduki berririk" egon ez zela argudiatuta grebara joko dute ELA eta LABek, "blokeo egoera" gainditzeko. 36 greba egun egin dituzte orain arte, eta akordiorik lortu ez denez, berriz ere irtengo dira kalera erresidentzietako langileak.
Urriaren 17rako bi protesta deialdi egin dituzte. Goizean, elkarretaratzea egingo dute Probintzia plazan 11:00etan, eta arratsaldean manifestazioa, 18:00etan, Babesgabetuen plazatik abiatuta, Diputazio plazaraino, eta ekitaldi bat egingo dute bertan.
ELA eta LABek negoziazioa berrartu zutenetik hainbat alditan bildu da mahai negoziatzailea, baina sindikatuen arabera "ez da aurrerapausorik eman". Diotenez, patronalek egindako eskaintza bakarra ez da nahikoa, langileen jardunaldiari eta soldatei erreparatzen baitie soilik, eta langileen ordezkariek ohartarazi dute "sektorearen prekarietatea betikotzea" ekarriko lukeela.
Administrazioari prozesuan sartzeko exijitu diote, Arabako Aldunidari zehazki. "Onartezintzat" jo dute zaintza sektore hau "erabateko prekarietate egoeran" egotea, eta Gizarte Politiketako arduradunei leporatu diete "beste leku batera begiratzen" aritzea.