Arabako nekazaritza sektorea dibertsifikatu eta lurraldean labore "jasangarriak" landatzeko diru laguntza lerro bat onartu du atzo egindako foru gobernu kontseiluak.
Aldundiak ezagutzera eman duenez, milioi bat euroko diru laguntza lerroa izango da. "Lurraldeko nekazaritza sektorearen lehiakortasuna hobetzeko laguntza da, eta, horretarako, berrikuntza produktiboa eta Arabako Lurralde Historikoko nekazaritza ekoizpenaren dibertsifikazioa bultzatuko dira, iraunkortasunaren ikuspegitik", azaldu du foru erakundeak.
Aldundiak argudiatu du ingurumenarekiko eta klimarekiko "konpromisoak hartzeko laguntzen esparruan" sartzen dela laguntza lerro berria, eta, horrekin, lortu nahi dutela nekazaritzan lantzen diren laboreak dibertsifikatzea, Araba "zereal monolaborantzarantz" joan ez dadin. Sustatuko diren laboreen artean hauek aipatu dituzte: udako barazkiak, oskoldun fruta arbolak, fruitu gorriak, proteina askoko gariak, lupulua, sagardo sagarra, olibadiak edo txerriki estentsiboa, besteak beste.
Lau urtez ekoizpen gastuak "progresiboki" lagunduko du. Horretara jotzen duten nekazariek urte bakoitzeko gutxienezko azalera bat justifikatu beharko dute. Norabide horretan, aldundiak dio egitura kooperatiboen sorrera indartuko dutela.