Ikasturte honetan Gasteizko UNED Ikastetxe Elkartuak zazpi ikastaro akademiko eskainiko ditu euskaraz, eta guztiak doakoak izango dira. Jaurlaritzak bultzatutako ekimena "euskal kulturarekin eta hizkuntzarekin lotutako urrutiko prestakuntza proiektuen parte da", hezkuntza erakundeak ohar batean ezagutarazi duenez. Gasteizen ez ezik, EAEn dauden beste bi zentroetan ere emango dituzte ikastaroak; hots, Bergaran eta Bizkaian.
Ikastaroak urritik abendura bitartean emango dituzte. Zazpiak online egin ahalko diren arren, horietako batzuetan aukera egongo da modu presentzialean egiteko. Aurreratu dute "askotariko esparruak" jorratuko direla horietan; hala nola, hezkuntza, adimen artifiziala, ingeniaritza, geopolitika eta ekonomia.
Zehazki, hauek izango dira eskainiko dituztenak: Aniztasuna euskal hezkuntzan, Hezkuntzan konfliktoaren kudeaketa eta trataera, Adimen Artifiziala hezkuntzan: bigarren hezkuntza eta batxilergoko irakasleen konpetentzia digitala aberasten, Adimen Artifiziala hezkuntzan: unibertsitateko irakasleen konpetentzia digitala aberasten, Ingeniaritza elektronikorako sarrera, Europako Batasuna eta europar integrazioa: mitoak, indarguneak eta ahulguneak eta Euskal ekonomiaren etorkizuna.
Informazio gehiago eskuratzeko, info@gasteiz.uned.es posta elektronikoa eta 945 244 200 telefonoa jarri dituzte eskura interesa dutenentzat.