⛅ EGURALDIA

Adi haizeteei

Erredakzioa 2024ko urr. 9a, 08:30

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Haize bolada indartsuak izango ditugu gaur, batez ere arratsaldean. Hori dela eta, alerta laranja ezarri dute.

Atzo arratsaldean hasitako joera bere horretan mantendu eta indartuko da gaur, zerua hodeitsu geratuko delako, zaparradak botatzeko aukerarekin. Gauerako euria espero da. Haize indartsua izango dugu, eta, orduaren eta eremuaren arabera, abisu horia eta alerta laranja ezarri ditu Euskalmetek. Bereziki arratsaldean haizeguneetan hego edo hego-mendebaldeko boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Gainerako lekuetan, 80 km/h-ra iritsi daiteke. Termometroetan, ordea, ez da hotz askorik igarriko, eguneko tartea 9 eta 23 gradu artekoa izango baita.

Ostegunean ere zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, eta orduan ere euri txikia egin ahalko du. Haizea baretuko delakoan dago Euskalmet: mendebalde eta ipar-mendebaldetik joko du, ahul bizi. Tenperatura dezente jaitsiko da, eguneko alde termikoa Gasteizen 8 eta 18 gradu artekoa izango da.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago