Bihotzaren Astearen zortzigarren edizioarekin bat eginez, 160 lagunentzako prestakuntza programa berri bat antolatu dute Gasteizko Udalak eta Arabako Medikuen Elkargoak: bihotz-biriketako bizkortzea (BBB), arnasbideen buxadura (OVA) eta desfibriladoreen erabilera.
Doako hamar ikastaro eskainiko dituzte, eta 16 urtetik gorako 160 lagunek jaso ahal izango dute prestakuntza. Tailerrak urriaren 21etik 25era egingo dira, eta izen-emate epea zabalik da dagoeneko. "Trebakuntza tailer hauen helburua parte hartzaileek larrialdi egoera batean jarduteko beldurra galtzea da. Beharrezkoak diren ezagutza praktiko eta teorikoak emango zaizkie arrisku egoerak identifikatzeko gai izan daitezen", azaldu du aurkezpenean Ana Lopez de Uralde Kirol eta Osasun zinegotziak. Trebakuntza goiz edo arratsaldez izango da Icomaren egoitzan, eta zati teorikoa eta praktikoa izango du. Zati praktikoari dagokionez, norberak erabiltzeko manikiak eta erakusteko desfibriladoreak baliatuko dituzte.
Bihotz-biriketako geldialdi batean, igarotzen den minutu bakoitzeko, suspertzeko aukerak %10 eta %20 artean murrizten dira, azaldu du Arabako Medikuen Elkargoko presidente Kepa Urigoitiak, eta gogorarazi du bihotz-biriketako geldialdi gehienak ospitale ingurunetik kanpo eta osasun-langilerik izan gabe gertatzen direla. "Horregatik, funtsezkoa da ahalik eta pertsona gehien prestatzea, larrialdi-zerbitzuak iritsi arte katearen lehen katebegi izan daitezen. Lagunduko duen herritarra behar bezala prestatuta badago, bizirauteko aukerak handitu eta ondorioak saihesten dira".
Gasteizko Udaletik gogorarazi dute Udalak "konpromiso sendoa" duela babes kardiologikoarekiko, eta urte amaierarako herritarrek 48 desfibriladore izango dituztela eskura hainbat udal-instalazio eta ibilgailutan. Era berean, gaineratu du Udalaren webgunean zenbait bideo daudela eskuragarri, BBB maniobra nola egin, eztarria trabatuz nola jokatu eta desfibriladore bat zuzen nola erabili ikasteko.