EHUko ikasleei bideratutako iruzur saiakeraz ohartarazi dute

Erredakzioa 2024ko urr. 8a, 13:15

EHUko ikasleei beren-beregi bideratutako iruzur saiakera da. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Azken bi egunetan zabaldu dira "itxuraz legezkoak diruditen" mezu elektronikoak, dirua eskatuz.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei egindako phishing iruzur berri batez ohartarazi du Ertzaintzak. Azaldu dutenez, azken 48 urteetan unibertsitatean ordaintzeko falta zaizkien 850 euro eskatu dizkiete hainbat ikasleri. Zabaldutako oharrean ohartarazi dute jasotako mezuek "itxuraz legezkoak" diruditela.

"Ordainketa lehenbailehen egiteko eskatzen zaie, aurretik emandako abisuei ez dietela jaramonik egin adieraziz, eta 24 orduko epea ematen zaie ordainketa hori formalizatzeko, epe hori amaitzean haien aurkako legezko egintzak hasiko dituztela esanez", azaldu dute. Mezuarekin batera, kontu korronte baten zenbakia agertzen da dirua sartzeko, bai eta helbide elektroniko bat ere ordainagiria bidaltzeko.

Halakoetan ohikoa den bezala, gomendatu dute "arretaz" aztertzeko jasotako mezuak, eta bereziki erreparatzeko mezu elektronikoen jatorriari. Behin iragarrita iruzurra dela, ez erantzuteko eta esteketan ez klikatzeko eskatu dute. Modu berean, ordainketa bat egin baldin bada, horren agiria gorde eta salaketa lehen baino  lehen jartzeko gomendioa eman dute. Aurreratu dute dagoeneko hainbat salaketa abian direla iruzur hori dela eta. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago