Ibilgailu industrialak ekoizteko fabrikazio aginduetan ager daitezkeen akatsak aurkitzeko adimen artifiziala (AA) darabilen plataforma bat garatzen ari da Ayesa ingeniaritza enpresa Mercedes-Benzentzat.
Ayesak ohar batean iragarri duenez, garatzen ari diren plataforma honek izaera kuantikoa izango du, autoak ekoizpen lerroan sartu aurretik konfigurazioan den "edozein anomalia automatikoki" detektatzeko.
Oraindik garapen bidean dagoen arren, konputazio kuantikoak aukera ematen du ordenagailu batek duen atazak ebazteko ahalmena asko handitzeko, ohiko konputazioaren aldean.
Azaldu dutenez, Mercedes-Benzen ibilgailu industrialen ekoizpena oso berezia da, "auto bakoitzak banakako konfigurazio ez-seriatua baitu, bezero bakoitzaren lehentasunen arabera". Hartara, beren beregi eskatutako konfigurazio horiek kode zerrenda batean sartzen dira, eta horren arabera, ibilgailua nola ekoitzi behar den definitzen dute.
Orain arte Mercedesen darabilten sistema ahalegintzen da arazoak sor ditzaketen kode konbinazioak saihesten, baina, aldagai asko tartean daudenez —5.000 kode inguru, aldagai gisa—, sistemak emandako irtenbidea batzuetan ez da egokia ekoizpenerako. Orain garatzen ari diren plataformarekin, ordea, ekoitzi ezin diren ibilgailu konfigurazio horiek atzemateko gai dira. Bide honetatik, "zero akats" egoera batera hurbiltzeko asmoa dute.
Gasteizen egindako lehen probetan, 706 ezaugarri izan ditzaketen 50.000 eskarirekin lanean ari dira, 10 eta 20 qubit inguru dituzten ordenagailuekin. Konputazio kuantikoan oinarritutako adimen artifizialaz ez ezik, adimen artifizial klasikoaz ere baliatzen ari dira lehen proba hauetan.