Euskara sustatzen duten enpresak omenduko dituzte Lazarraga sariekin

Erredakzioa 2024ko urr. 7a, 12:56

Jone Berriozabal eta Bergoi Madernaz, Lazarraga sarien aurkezpenean. Argazkia: AFA

Sarien zortzigarren edizioak euskararen erabilera esparru sozioekonomikoan sustatzen duten enpresak aintzatetsiko ditu. Hautagaiak aurkezteko epea urriaren 30era arte dago zabalik.

Bai Euskarari Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak Lazarraga sarien zortzigarren edizioa aurkeztu dute, Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako lana omentzeko sariak. Azaroaren 14an izango da aurtengo sariketa, eta urriaren 30era arte dute enpresek hautagaitza aurkezteko aukera, eta Arabako bost erakunde edo pertsona fisiko sarituko dira.

Antolatzaileek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela balioestea hainbat erakundek egindako ahalegina euskara egunerokotasunean txertatzeko, eta euskara gizarteratzeko tresna bilakatzeko. "Gure egungo gizarteak euskaraz hitz egiteko gero eta aukera gehiago bermatu behar ditu, edozein dela ere eremua, hezkuntzan hasi eta bukatu", adierazi du Jone Berriozabal Euskara diputatuak.

Aldunditik jakinarazi dute gero eta enpresa gehiagok sartzen dutela euskararen kudeaketa eguneroko zereginetan, bezeroekiko edo hornitzaileekiko harremanetan, hizkuntza-paisaian, "bai barruan, bai kanpoan". "Errealitate bat da, eta enpresak jabetzen dira arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeak eta erabiltzeak dakartzan onurez".

Bost sari banatuko zaizkie erakunde eta pertsona fisikoei, eta hainbat aldagai hartuko dituzte kontuan irabazleak hautatzeko. Hala nola,zerbitzua eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko neurriak, lana euskaraz egiteko baliabideak, barne dokumentazioa, kanpo komunikazioa, euskaraz egindako prestakuntza eta beste irizpide asko aztertuko dituzte.

Hautagaiak pertsona fisikoek zein erakundeek aurkez ditzakete. Hautagai izateko baldintza bakarra egoitza Araban izatea da, Trebiñu barne. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 30era arte egongo da zabalik, eta hainbat modutan egin daiteke, baieuskarari.eus webguneko inprimaki honen bidez edota sare sozialak baliatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago