"Euskal herritar arduratsu eta eraldaketarako kontzientzia kritikodunak" sortzen ahaleginduko dela iragarri du Eusko Ikaskuntzak, erakundeak Gasteizen asteon egin duen XIX. kongresuaren amaieran. Norabide horretan, aurreratu dute "lurraldeen harreman ekosistema garatzeko proiektu berriak" jarriko dituztela abian datorren urtetik aurrera.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren hitzetan, "interes handia piztu duen kongresua" izan da, herritar zein adituen artean. Urkizaren esanetan, "euskal jendartearen etorkizuna aztertzeko unerik aproposenean" heldu da, "aukeraz jositako trantsiziorako abagune apartan". Bai parte hartzearen aldetik —ia mila lagunek partu hartu dute—, zein ekarpenen aldetik ere pozik agertu da Patxi Juaristi kongresuaren lehendakaria.
"EUSKAL JENDARTEAREN ETORKIZUNA AZTERTZEKO UNERIK APROPOSENEAN HELDU DA KONGRESUA". ANA URKIZA
Gaurko jardueretan, lurraldetasuna izan dute hizpide. Ekarpenen artean, Joseba Bergaretxek "herritarrek lurraldearekiko duten lotura indartu" behar dela azpimarratu du. Ion Muñoak, berriz, "Euskal Herriko landa ingurunea eta herri txikien garapena ikuspegi integral baten bidez sustatu behar direla" ohartarazi du, "oinarrizko azpiegiturak eta zerbitzuak bultzatuz eta komunitate kohesionatuak garatuz".
Jaume Lopez i Hernandezek, berriz, "lurraldeen arteko gatazkak maiz agertzen direla" esan du, eta horiek "modu demokratikoan kudeatzek beharra" azpimarratu du. Elisenda Casanasek Europa mailako ikuspegiari heldu dio, eta "gatazkak modu baketsuan" konpontzeko tresnak eskatu ditu. Bide beretik, Maite Zelaiak gatazka horiek kudeatzeko araudi proposamen baten berri eman du, "Europar Batasunean burujabetza prozesuak modu bidezkoan eta demokratikoan garatzeko tresnak" eskainiz. Cristina Lafonten-en esanetan, berriz, "deliberazio bidezko demokrazia parte hartzailearen eredua" proposatu du.
Beste mahai inguru batean, Gorka Fraeters mugen inguruan mintzatu da. Ximun Karrerek, berriz, mugaz gaindiko Muga Lur proiektua azaldu du. Biak ala biak alor horretan sozioekonomiak duen garrantzia azpimarratu dute. Aitzpea Leizaolak, berriz, diasporaren bizipenen berri eman du, eta "globalizazioaren eraginez diaspora multiformeagoa" eta "aldakorragoa" dela aipatu du.
Zelai Nikolas, Itsaso Murua eta Asier Ruiz, berriz, beste mahai inguru batean aritu dira, eta ondorioztatu dute "lurralde bizia izaten jarraitzeko oztopoak gainditu eta erakunde komun sendoak eraiki behar direla".
Ekonomia, gizarteari lotuta
Asteazkenean eman zioten hasiera kongresuari. Besteak beste, beste hainbat agintariren artean, irekiera ekitaldi instituzionalean Imanol Pradales lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak parte hartu dute.
Egun horretan, Andoni Eizagirre katedraduna Euskal Herriaren etorkizuneko ongizate eta eredu-sozioekonomikoaren birdefinizioaz mintzatu da. Oinarrizkotzat jo du "garenaren neurriaz jabetzea" eta Euskal Herria "une historikoan" kokatzea. Ekonomia jorratzerakoan, pertsonenengan ere arreta jartzeko garrantzia aipatu du.
Hilary Cottam irakasleak giza duintasunean, inklusioan eta elkarrekiko laguntzan oinarrituko Ongizate Estatuaren "ikuspegi boteretsu eta eraldatzailea" aurkeztu du. "Harremanak berregin behar dira, giza loturak sendotuz. Enpatian, elkarrekikotasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarritutako sare komunitarioak sustatuz, sistema malgu eta erresiliente bat izatean islatuko dena", laburbildu du. Pertsonetan zentratutako ongizate eredua aldarrikatu du.
Garapen ekonomikoari buruzko mahai ingurua ere egin dute, trantsizioaren gaian abiatuta. Alberto Ansuategik esan du trantsizioa "epe luzerako inbertsio gisa" ikusi behar dela. Edurne Magroren esanetan, "eragile guztiek modu aktibo eta koordinatuan" hartu behar dituzte beren rolak. Teofilo Rojok, berriz, jasangarritasunaren beharra aldarrikatu du. Baliabideen kontsumoan ez ezik, horiek eskuratzeko "desberdintasunak" landuko dituen "ikuspegi gepolitiko" batean arreta jarri behar dela dio.
Bigarren mahai inguru batean lana eta ongizate politikak jorratu dituzte. Tomas Arrietak enplegu duinak bermatzearen garrantzia nabarmendu du, eta merkatuaren beharrak eta enpleguaren kalitatea hobeto lerrokatze produktibitatearen eta lehiakortasunaren mesedean joan daitekeela babestu du. Leire Gartziak, berriz, belaunaldi berriak ulertzeko lan egiturak moldatzearen beharra jarri du mahai gainean; modu berean, "elkarrekikotasunean oinarritutako lan ereduak" eraikitzea eta "aniztasuna modu inklusiboan kudeatzea" aipatu ditu. Azkenik, Rafael Muñoz de Bustillok birbanaketaren kontzeptuan jarri du arreta: "gizarte gastua iraunkorra izan daiteke, baldin eta aurrerapen teknologikoetatik eratorritako produktibitatearen irabaziak behar bezala birbanatzen badira", azaldu du.
Maria Angeles Duranek etxeko zein zaintza lanek duten balio ekonomikoa nabarmendu du, bai eta ordaindu gabeko lana ikustaratzeko beharra aipatu ere. Iraunkortasuna eta belaunaldien arteko elkartasunari buruzko mahai inguruan, berriz, Itziar Aguadok prekarietatea murrizteko eta bizitza pertsonala eta profesionala "hobeto uztartzeko lan politikak" eskatu ditu. Javier Buronek, berriz, "etxebizitza politika jasangarriak" garatzeko eskatu du. Azkenik, Concepcion Patxot sandwich belaunaldiaz mintzatu da, —seme-alabak eta guraso nagusiak zaindu behar dituztenak—, eta horientzako laguntza politikak eskatu ditu.
Aldaketa bizkorrak
Osteguneko jardunetan, "aldaketa" azkarren" aurrean prestatzeko beharraz aritu dira. Hala, Eusko Ikaskuntzak iragarri du "aniztasuna eta bizikidetza sustatzeko plana" landuko duela, erronken aurrean instituzioei laguntza emateko, eta euskal kulturaren eta nortasunen aniztasuna zainduta, gizarte trantsiziorako prestatzeko beharra azpimarratu du erakundeak.
Lola S. Almendros soziologoak gizarte garaikideen bilakaera aztertu du. Tartean, bilakaera soziokulturala eta bizitza sozialeko hainbat esparrutan dagoen "alienazioa"; bide beretik, "azkar aldatzen ari den" mundu batean "bizikidetzarako eta herritartasunerako erronkak" identifikatzen ahalegindu da.
Eusko Ikaskuntzak azken hiru urteotan landu dituen zenbait proiektu ere azaldu dituzte. Proiektu horietan, euskal nortasuna, hezkuntza sistema, GizarteLAB laborategia eta kultur eskubideak jorratu dituzte. Ana Urkizaren esanetan, ondorioztatu dute "jendarte kohesioa eta komunitatearen parte hartzea ezinbestekoak" direla etorkizuneko erronkei aurre egiteko. "Euskal nortasuna, kultura, hezkuntza eta gizarte berrikuntza trantsizio ekologiko, digital eta sozialean garatu behar ditugu, duintasuna, inklusioa eta aniztasuna oinarri hartuta", azpimarratu du. Juaristik erantsi du "gobernantza irekiak eta berrikuntza soziala sustatzen duten ekimenek etorkizun hobe bat eraikitzeko ahalmena dutela".
Ohiko ekarpenez harago, Kukai Dantza Taldeak "hausnarketa sortzailea" taularatu du, eta euskal artista ugarirekin batera kongresuan parte hartzen dutenekin jardun dute . "Ikuskizun tradizional batetik harago joan nahi" izan dutela azpimarratu du Jon Maiak.