Urte honen hasieran zendu zen Jose Antonio Vegas Aranburu arkeologoari eman dio Enrique Eguren saria AAI Arkeologiarako Arabar Institutuak.
Ohar batean AAIk nabarmendu du Vegas Aranburuk "lan garrantzitsu eta oparoak" egin zituela bizitzan zehar, bai arkeologian zein beste zenbait arlotan ere. Besteak beste, hainbat argitalpen eta ehunka artikulu landu zituen. "Ikertzaile bezala izandako ibilbide oparoan hainbat gai jorratu zituen gizon geldiezina izan zen, eta ondare arkeologikoaren, artearen, kulturaren eta Gasteizko gizartearen inguruan zituen ezagutzak trasmititzen asmatu zuen", nabarmendu du institutuak.
EHUko Javier Fernandez Eraso arkeologoaren proposamenari jarraiki eman dute aurtengo saria, hilondoko omenaldi gisa. Orain ezagutarazi badute ere, joan den otsailean egindako Ohiko Batzar Orokorrean erabaki zuten bertan bilduta zeuden kideek Vegas Aranbururi saria ematea.
Arabako arkeologoak biltzen dituen elkarteak 2014an sortu zuen aintzatespen hau, Araban XX. mendearen bigarren zatian egin diren arkeologiari buruzko ikerketak saritzeko. Sariaren izendapena Enrique Eguren (1888-1944) arkeologoaren omenez jarrita dago, "Arabar lurraldean egin zituen ikerketak omendu eta gogora ekartzeko". Aurreratu dute abenduaren 14an emango dutela saria, Bibat museoan. Orain arte AAIk bi urtean behin eman du saria, baina erakundeak iragarri du lau urtean behin emango duela.