2018tik ez du disko berririk atera Izaki Gardenak taldeak, Dena Oskol lana argitaratu zutenetik. Bestelako proiektuetan eta abesti berriak sortzen aritu ostean, disko berriarekin itzuliko dira udazken honetan. Orube izango da hurrengo lana, eta azaroaren 20rako dago aurreikusia kaleratzea.
Granadan grabatu dute disko berria, Raul Perez teknikoarekin, La Mina estudioan. Berritasun batzuk egongo direla esan dute, nahiz eta taldearen izaerak bere horretan iraungo duen. Diskoaren aurkezpen gisa, izen bereko Orube kantua argitaratu dute, eta entzungai dago jadanik.
Diskoa aurrez eskatzeko aukera ere badago, taldearen webgunean. LP edo CD formatuan eskatu daiteke, kamiseta edo merchandising gehiagorekin batera, eta atera berritan jasoko dute erosleek. Zuzenekoetara 2025. urtean itzuliko direla aurreratu dute, bira berriarekin.