Aldundiaren aurrekontu parte hartzaileetan boza emateko epea zabaldu da

Erredakzioa 2024ko urr. 2a, 11:12

Asako gazteluko ondarea babestea da proiektuetako bat. Argazkia: Alphabet

Añana, Aiara, Gorbeialdea, Mendialdea eta Arabako Errioxako zortzi proiekturen artean hautatu ahal izango dute herritarrek. Azaroaren 8ra arte egongo da zabalik bozkatzeko epea.

Foru aurrekontuetan parte hartzeko aukera zabaldu du aldundiak. Partaidetza aurrekontuetan jasotako hamahiru proiektuetatik zortzi pasa dira azken fasera, eta horien artean hautatzeko aukera zabaldu da gaur, azaroaren 8ra arte.

Gizartearen babes handiena duten proiektuei lehentasuna ematea da aurrekontu parte hartzaileen asmoa, Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak azaldu duenez. 16 urtetik gorakoek izango dute boza emateko eskubidea, online zein aurrez aurre, eta erroldatuta dauden kuadrillako proiektuen artean bat aukeratu beharko dute. Kuadrilla bakoitzean boto gehien lortzen dituen proposamena aterako da aurrera eta finantzaketa lortuko du, kuadrillako biztanleriaren %2a gainditzen badu.

Zortzi proiektu Araban zehar

Añanako Kuadrillan bi proposamen jaso dira. Batetik, Pauleja berreskuratzea, Zanbranan. Hezegune txiki bat osatzen du urak har dezakeen eremuak, eta hezegunea lehengoratzea proposatzen da, bertako biodibertsitatea babesteko. Bestetik Uribarri Gaubeako eguneko zentroaren ingurua urbanizatzeko proposamena jaso da, irisgarritasuna bermatzeko eta erabiltzaileen mugikortasuna hobetzeko.

Aiarako Kuadrillan, berriz, hiru proposamen pasa dira azken fasera. Lehena, Arespalditzan bolatoki bat eraikitzeko proiektua da, Aiarako bolo jokoa sustatu eta zabaltzeko. Bigarren proiektua Artziniegakoa da, Soxogutiko errota hidrauliko multzoa ondare elementu gisa eraberritzea eskatzen duena, Sopeñako errege bidean sartzeko helburuarekin. Hirugarren proiektuak proposatu du estalki bat eraikitzea Amurrioko Mendiko Eskola ikastetxeko patioan, ikasle eta amurrioarrek espazio ireki, garden eta aire zabalekoa izan dezaten.

Gorbeialdean ere proposatu da proiektu bat, Zigoitian. Bengolarra parkeko ekipamendua eta instalazioak berritzea proposatu da. Mendialdean, berriz, Zumalde Parkean jarduketa bat egitea proposatu da, Vasco-Navarro trenbidearen bide ondoan dagoen ibaiaren ingurua lehengoratzeko, hiri altzariak egokitzeaz gain, bisitariek erabili ahal izateko. Arabako Errioxan, azkenik, Asa gazteluaren ondare elementuari balioa ematea eskatu du proiektu batek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago