Diputazioak esan du oraindik ez dakiela ea euskararen erabilera bermatu zen uztailean Gasteizen egindako Iron man kirol probaren komunikazioan. Ez dakite, oraindik ez delako bukatu kontratua bete ote zen aztertzeko epe ofiziala.
Erakunde publikoek babestutako kirol proba izanda, Ironman probaren karteletan euskarazko testurik ez agertzeko arrazoiaz galdetu dio Arabako Aldundiari EH Bildu batzarkide taldeak. Diputatu nagusiari zuzendutako idatzizko galdera batean, alderdi abertzaleak adierazi du uztailean Gasteizen egindako Ironman kirol probaren karteletan testua ingelesez eta gaztelaniaz baino ez zegoela, eta ez zela euskarazko testurik agertzen. Babesletza publikoarekin batera, antolatzaileek euskararen erabilerari dagokionez ere hainbat konpromiso bereganatzen dituzte, EH Bilduk gogora ekarri duenez. "Halako babesletzen kasuan, inork kontrolatzen al du euskararen erabilerari buruzko konpromisoak betetzea?", galdetu dute.
Erantzunean, Elena Ferreira Kabinete eta Komunikazio zuzendariak argitu du Hizkuntz Eskubideen Behatokia Fundazioaren bitartez izan dutela salaketa horren berri, eta, behin hori jasota, "kirol proba antolatzen duen erakundeari helarazi" ziotela jasotako kexa.
Erantzunean, diputazioak onartu du babes kontratuak ezartzen duela "antolatzaileek idatzitako iragarkiak, euskaraz zein gaztelaniaz" egingo dituztela, eta "kirol proba sustatzen duen erakundeak berariaz zainduko dituela jendearentzat oro har garrantzitsuak diren testu guztiak". Halere, diputazioak argudiatu du oraindik ez dela amaitu "kontratua betetzen dela egiaztatzeko epea".
Azaldu dutenez, proba egin aurretik aldundiari erakutsi zizkioten ekimena iragartzeko kartelak. "Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioarekin" aurkeztu zizkiotela dio aldundiak, eta beraz, "proba egin aurreko baldintzak bete zituztela, kartelei dagokienez".
Ferreirak aurreratu du Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egingo dutela kontratuan zehaztutako prestazioa jasotzeko akta ofiziala, eta bertan jakinaraziko dutela kontratua bete den ala ez. Ezezkoa izatekotan, dagokion zigor ekonomikoa jarriko zaie antolatzaileei, aldundiaren hitzetan.