Dozenaka aditu bilduko ditu urriaren 2tik 4ra Gasteizko Europa biltzar jauregian izango den Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuak. 'Elkartzen gaituena' lelopean, "Euskal Herriko jendarte eta lurralde kohesioaren alde ezarri beharreko politika edota erabakien inguruko irizpideak batu eta proposamenak plazaratzea" du helburu nagusi, antolatzaileek ohar batean iragarri dutenez.
Patxi Juaristi kongresuaren lehendakariak aurreratu du "adostasun zabalak sortu eta proposamen zehatzak landu" nahi dituztela, "partekatutako beharretan oinarrituta". Norabide horretan aurrera egiteko, topaketa hiru eremutan banatu dute: eremu sozio-ekonomikoa, eremu soziala eta lurraldetasuna; egun bakoitzeko, hain justu, alor hauetako bana jorratuko dute.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azpimarratu du kongresuaren etorkizunerako helburua dela "Herri Itun berri baterako baldintzak sortzea". Ideia horretan sakonduz, azaldu du "desberdinen arteko adostasunak" bilatzeari ekiten jarraituko dutela, "jendartearen kohesioa bultzatzeko eta geroko erronkei modu fin, hausnartu eta landutako erantzunak emateko".
Lan egiteko formatuari dagokionez, "eskarmentu, ibilbide eta maila handiko" nazioarteko adituek hitzaldi markoak emango dituzte. Tartean, Hilary Cottam, "gizarte laguntzaren inguruko narratiba eta praktika britainiarrak" aldatu dituena; Maria Angeles Duran soziologoa, Lola S. Almendros "informazioaren eta komunikazioaren teknologiei eta adimen artifizialari lotutako arazoei buruzko ikertzailea"; eta Cristina Lafont, Northwesterngo Unibertsitateko (AEB) katedraduna eta filosofoa.
Horrez gain, ostegunean Kukai dantza taldeak kongresuko edukien inguruko "hausnarketa sortzailea" eskainiko du, eta Euskal Herri mailako "artista txit nabarmenek" ere parte hartuko dute. Besteak beste, La Furia, Adriana Bilbao, Arkaitz Miner, Edurne Azkarate, Akira Yoshida, Aitor Etxebarria, Mixel Etxekopar, Odei Barroso, Leire Vargas, Xabier Solano Garmendia, Janela, Sua Enparantza eta Zuberoako Berritza elkartea. Antolatzaileek diote "jarduera aitzindari, berritzailea eta ikusgarria" izango dela, ikusleekin elkarrekintza zuzena izango duena. "Eusko Ikaskuntzarentzat eta Kukai konpainiarentzat ekintza aitzindaria da, Euskal Herriko kongresu akademiko batean lehen aldiz egingo baita", azaldu du Juaristik.
Gogora ekarri dute edonork parte har dezakeela, bazkide izan ala ez, eta izen emateak webgunearen bidez egin daitezkeela, www.eusko-ikaskuntza.eus/XIX-kongresua estekaren bidez.