Joan den igandean bukatu den Arabako Antzinako Musika Astearen aurtengo edizioak 3.600 ikus-entzule baino gehiago izan ditu, aldundiak iragarri duenez. Ana del Val Kultura diputatuaren esanetan, aurten "beste kalitate jauzi bat" egin du ekimenak, "programazio berritu eta erakargarria" izan duelarik.
"Edizio honen helburua izan da antzinako musika zabaldu eta biziberritzea, kultura sarea indartzea eta landa ingurunera iristea, eta hori guztia berdintasunaren eta belaunaldien arteko bizikidetzaren alde egin eta konposizioan eta interpretazioan emakumeari balioa ematen zaion bitartean", adierazi du Del Valek ekimenaren inguruko balorazioa egitean.
Carmen Martinez Guerra jaialdiaren zuzendariaren arabera, aurreko edizioetan baino ikus-entzule gehiago izateaz gain, ekimenak "inoiz bertaratu diren pertsonen interesa" piztu du, eta, zentzu horretan, Eguren Ugarte upategian izandako jarduera, mendi ibilaldi musikalak edota haurrentzako hezkuntza ekintzak jarri ditu interesgune horien adibidetzat. Jaialdiak iraun dituen hamar egunetan, nazioarteko izarrak izan dituzte —Justin Taylor, Sophie de Bardonneche, Lucie Horsh, Olga Paschenko, Ignacio Prego eta Tiento Nuovo, besteak beste—.
Aurreratu dute hurrengo urteko edizioan ikus-entzule gazteen presentzia "indartzeko" lanean segiko dutela, eta kontzertuetara joan ezin dutenengana iristen ahaleginduko direla, "alderdi sozialarekin" konpromisoa berresteko.