Zinemaldian ospatzen den Euskal Zinemaren Galan Edurne Azkarate oiondarra izan da protagonista nagusietako bat, Euskal Aktoreen Batasunak ematen duen Bultzada saria jaso baitu Irati filman egindako lanagatik. Film horrek irabazi du, gainera, Euskadiko Zinema Aretoen elkarteak banatzen duen euskal film arrakastatsuenaren saria.
SOS Gaza paparrean jantzita, aitortza eskertu du aktore arabarrak, eta Irati pelikulako lankideekin partekatu du saria. "Denona da aitortza hau, milesker elkarrekin egin genuen magia saio lokaztu horregatik". Euskal Herrian halako zine apustu handiak egiten jarraitzeko garaia dela gogoratu du Azkaratek hitzartzean, "handi amestu" eta "ekiteko" garaia: "Gehiegitan herri txiki izendatu dugun honek pasa du txiki izatearen garaia. Asko dugu eskaintzeko, eta gure buruak serioki hartzea merezi dugu". Proiektu berriek ekarriko dutena ikusteko "desiatzen" dagoela gogoratu du: "Hala ere, euskal zinea deritzon horri euskara falta zaio, eta euskal kulturak filmak ditu faltan".
Paul Urkijo zuzendari gasteiztarrak, bere aldetik, lantaldeari egindako lana eskertzearekin batera, Irati pelikulak izan duen harrera bikaina gogoratu du jaialdian. "Ni ere txunditu egin naiz horrelako harrerarekin. Haiek erakutsi digute posible dela halako film handi bat egitea euskaraz Euskal Herrian".