Herrialdea hego-mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen egungo trenbide lerroa nabarmen indartuko da 2025etik aurrera; eta aldiriko trenbide gisa funtzionatuko du Altsasu-Gasteiz-Miranda Ebro lineak. Hala aurreratu du Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak.
Miranda Ebro eta Altsasu lotzen dituen lineak maiztasun berriak izango ditu ordutik aurrera. Zehazki, goizeko lehen orduko, eguerdiko eta arratsaldeko azken orduko ordu tarteak indartuko dira, "zerbitzu berriekin edo daudenak luzatuz". Hau da, trenak sarriago igaroko dira lanpostuetara sartzeko eta irteteko puntako orduetan. "Trenbidea igarotzen den Arabako herriak hobeto lotzeko", nabarmendu du Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak. Gainera, zerbitzu horrekin, geldialdi gehiago egongo dira Burgosko eta Nafarroako erkidegoen arteko Arabako herrietan (Manzanos, Argantzun, Langraiz Oka, Dulantzi, Agurain eta Araia), eta bertako biztanleen joan-etorriak erraztu ahal izango dira.
Horretarako, ez da beharrezkoa izango obrarik egitea, Eusko Jaurlaritzaren planteamendua egungo azpiegitura aprobetxatzea baita. Hala ere, urtean lau milioi euro inbertituko dira, Miranda Ebro-Altsasu norabidean bi maiztasun berri eta astelehenetik igandera kontrako noranzkoan beste bat martxan jartzeko. Gainera, norabide bakoitzean lau zerbitzu luzatuko dira eta igandeetan beste hiru gehituko dira.
Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zituen aldiriko trenen eskumenak, otsailean. Renfek zerbitzu hori ematen jarraituko du, gutxienez 2028ra arte, nahiz eta orain Eusko Jaurlaritzaren agindupean egon.