Gorbeialdea Defendatu eta Horrela Ez plataformek Arabako landa eremuaren heriotza irudikatu dute iragan larunbatean. Vitoria Solar 2 planta fotovoltaiko erraldoiaren ondoko lursail batean, 411 gurutze baino gehiago jarri dituzte, herri, udalerri eta eskualde desberdinen izenean. "Ekintza sinboliko hau gure lurraldean ezarri nahi duten zigorraren aurkako salaketa oihu bat da. Ekintza honekin mezu bat transmititu nahi dugu: ez gara besoak gurutzatuta geratuko industriak gure lurrak deskarbonizazioaren mozorropean bereganatzen dituen bitartean, trantsizio energetiko ez espekulatibo eta justu batekiko benetako konpromisorik gabe".
Ekitaldia baliatu dute ere Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren azken asteetako "manipulazio estrategia" salatzeko. "Mezu kontraesankorrak bidaltzen ari dira, gu engainatzeko eta proiektu horien aurkako erresistentzia ahultzeko", esan dute. Halere, erakunde publikoekin zubiak eraiki nahi dituztela azpimarratu dute, eta adostutako eredu energetiko bat planteatu, "non energia berriztagarrietarako trantsizioa arduratsua eta ingurumenarekiko eta pertsonekiko errespetuzkoa izango den".
Berretsi dutenez, energia berriztagarriak etorkizun jasangarri baten funtsezko zati dira, "baina ez edozein preziotan, ez edozein modutan". Plataformen ustez, premiazkoa da erakundeak herriekin batera, paisaiak, kultura eta bizimodua errespetatuko dituen eredu bat diseinatzea.