Otsoaren planak mendiko abeltzaintza alboratzen duela uste du UAGAk

Erredakzioa 2024ko ira. 20a, 11:37

Abeltzainen protesta otsoaren eta txakurren erasoengatik. Argazkia: J.GALLEGO

Euskal Autonomia Erkidegoan otsoa kudeatzeko planari alegazioak egingo dizkiotela iragarri du sindikatuak, beren bizimodua arriskuan ikusten duten abeltzaintzako ustiategiak defendatzeko.

Oso kritiko azaldu da Arabako abeltzainen eta nekazarien UAGA sindikatua Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketaren sailak Euskal Autonomia Erkidegoan otsoa (Canis lupus) kudeatzeko aurkeztu duen planarekin. Aste honetan argitaratu dute plana jendaurrean jartzeko ebazpena, eta hilabeteko epea eman dute alegazioak aurkezteko.

UAGAk argi azaldu du ohar batean planaren kontrako jarrera, eta alegazioak aurkeztuko dituela iragarri du, beren bizimodua arriskuan ikusten duten abeltzaintzako ustiategiak defendatzeko. Planak  mendiko abeltzaintza alboratzen duela uste du sindikatuak; eta arriskuan jartzen duela "ardi latxan oinarritutako abeltzaintzaren eta gaztaren sektore osoa". Behi, behor eta ahuntz aziendak eta larre menditarren habitatak ere arriskuan ikusten ditu UAGAk.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak ganaduzaleen ekarpenak ez dituela kontuan izan kritikatu dute. "Mingarria da aurreko gobernu taldearekin bilera ugari egin eta lehen sektoreko erakundeek egindako ekarpenak kontuan hartu ez izana".

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen dokumentuaren alderik larriena, sindikatuaren aburuz, "otsoaren populazioa hedatzen laguntzeko" erakusten duen asmoa da, "animalia horien mugimenduak ahalbidetuz, espeziearentzat egokiak diren fauna pasabideak jarriz".  Are gehiago, UAGAk zehaztu du orain arte otsoaren presentzia eremu oso zehatz batera mugatu dela Euskadiko erkidegoan, "eta, orain, lurralde osora hedatzea aurreikusten da, eta hori abeltzaintzarako mehatxu larria da", azpimarratu dute.

"Arazoak sortzen dituzten otso aleak ateratzea" bultzatu behar dela uste dute UAGAko abeltzainek, kalteak murrizteko. Era berean, esan dute beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuarekin negoziazioetan sakontzea, otsoa babes bereziko espezieen zerrendatik ateratzeko; eta otsoaren legezko babesa 2021aren aurreko egoerara itzuli behar dutela.

"Itxurakeria"

Bestalde, abeltzaintzaren aurkako erasoak arintzeko planak biltzen dituen neurriak "itxurakeria besterik ez direla" esan du UAGAk; eta auzian jarri du Eusko Jaurlaritzak espeziearen kontserbazio egoeraren inguruan emandako datuak. "Dokumentuak argudiatzen du Arabako eta Bizkaiko abeltzaintzako ustiategien %5a baino ez dagoela kaltetuta. Deigarria eta bidegabea da kalkulu horietarako lurralde horietako ustialeku guztiak kontuan hartzea, erasoak eskualde oso zehatz batzuetan pilatzen direnean". 

Orain arte ezarritako neurriez gain, otsoa kudeatzeko planak baserritarrei laguntzeko boluntarioen eta profesionalen taldeak sortzea aurreikusten du. Hori ere deitoratu UAGAk: "Lehen sektorea sektore profesionala da, eta egiturazko neurri serioak behar ditu, ez boluntarioen esku geratzea", esan dute. Halaber, mastin txakurrak "irtenbide magiko" bezala aurkezten ari direla uste du UAGAk, eta aldiz, mastinek konponbidea baino gehiago, arazoak areagotu ditzaketela uste dute, mendietan elkarbizitza zaila dutelako mendizaleekin, txirrindulariekin edo paseariekin.

Aurrekontu eskasa

Mendiko abeltzaintzatik bizi diren pertsonek dituzten kalteak arintzeko bideratzen den aurrekontua ere kritikatu du UAGAk. "Artzaintzari laguntza profesionala emateko programa, Ingurumen Ordainketen Programa eta Kalteengatiko konpentsazio ekonomikoa batuta, atal horiek 325.000 euro dira guztira. Duela gutxi, Arabako Abeltzain Elkarteek eta UAGA sutatuta ABERE abeltzaintzako zerbitzuen kooperatibak txosten bat aurkeztu zuen; bertan, otsoa bere ustiategietan egotea inposatzeagatik abeltzaintza sektoreak bere gain hartzen duen gainkostua aztertu da. Arazo hori duten Arabako eskualdeetan soilik, otsoaren presentziak bi milioi euro inguruko kostu osoa du", azaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago