Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu ditu gaur Oionen, droga trafikoaren kontrako polizia operazio handi batean. Orotara, Logroñon (Errioxa) eta Oionen egindako miaketetan gutxienez hamar lagun atxilotu dituzte.
Goizeko lehen orduetan hasi dute polizia operazioa, eta ehun agentek baino gehiagok parte hartu dute. Arabako, Errioxako eta Nafarroako unitateak aritu dira, eta droga atzematen duten txakurrez baliatu dira substantzien bila aritzeko. Logroñon, gutxienez bost etxebizitza miatu dituzte. Oionen kasuan, San Bizente plazako bigarren atarian sartu dira guardia zibilak.
Operazioak froga trafikoan diharduen "antolakunde kriminal" bat desegitea izan du helburu, Guardia Zibilaren arabera, baina ez da horren berri gehiagorik eman. Logroñon ospatzekoak diren San Mateo omenezko jaien atarian gauzatu dituzte atxiloketak. Aurreratu dutenez, operazioak irekita jarraitzen du, eta baliteke datozen ordu eta egunetan atxiloketa eta miaketa gehiago izatea.