Solariak aurkeztutako parke fotovoltaikoen proiektuen harira, Arabako Foru Aldundiko sail ezberdinek txostenak ondu dituzte proposamenak aztertuz, eta ondorioa argia da: Ezezkoa eman diete proiektuei, kalte handiegia eragingo lukeelako "naturan, nekazal lurretan eta lurralde antolamenduan". Zierbenara bidean Araba zeharkatuko lukeen goi tentsioko linea ere zalantzan jarri dute txostenek.
Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuei buruzkoak dira txostenak, Erriberabeitian, Zigoitian eta Iruña Oka eta Gasteiz artean eraiki nahi dituzten parke fotovoltaikoenak, hurrenez hurren. Solariak 30 parke fotovoltaiko inguru eraikitzeko asmoa erakutsi du Araban, eta hiru hauek dira lehenengoak, nahiz eta Trebiñun ere aurkeztu duen beste plan bat.
Arabako herri, kontzeju eta eragile ugari agertu dira Solariaren asmoen aurka, eta "beharrezkoa den trantsizio energetikoa" enpresen interesen arabera egitea leporatu diete agintariei, luzerako estrategia argirik izan gabe.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak agerraldi batean aurreratu zuen "proiektu gehienek" ez zutela aurrera egingo. Oraindik legez aurkeztu behar dira Aldundiaren txostenak, eta Eusko Jaurlaritzak hartuko du azken erabakia.
Proiektu "onartezinak"
Ingurune Jasangarritasun eta Natura Ondarearen zerbitzuaren txostenak "aurrekaririk gabeko eraldaketa" aipatzen du, "hain denbora tarte txikian". Nekazaritza sailak ere "onartezintzat" jo ditu proiektuak. Foru zerbitzu hauek Solariak aurkeztutako ingurumen inpaktuari buruzko ikerketak kritikatu dituzte, "kalitate baxua" dutela argudiatuta, eta onartu ezinezko "gabezia eta akats nabarmenak" dituztela esanez.
Erriberabeitian egin asmo duten parke fotovoltaikoari buruz, gaitzetsi dute udalerriko nekazal lurren %13,25a hartuko lukeela, eta eragin "kritikoa" izango lukeela ohartarazi dute. Solariari eskatu diote "nekazaritzarako lurretan eragin gutxiago izango luketen alternatibak" bilatu ditzala.
Zigoitiako Zierbena Solar 3 proiektuan ere ohartarazi dute "balio estrategiko altuko" 44 hektarea hartuko lituzkeela proiektuak, eta babes berezia dutela zonalde horiek. Eragin "kritikoa" aipatzeaz gain, txostenean adierazi dute parke fotovoltaikoaren %40 salbuespen eremu batean egongo litzatekeela.
Iruña Oka eta Gasteiz artean eraiki nahi duten Zierbena Solar 4 proiektuak ere kalte handiegia eragingo lukeela Mendoza eta Martiodako kontzejuetan.
Goi tentsioko linea ezbaian
Solariak 100 kilometrotik gorako ebakuazio linea eraikitzea proposatu du, Erriberabeitiatik Bizkaiko Zierbena herriraino joango litzatekeena, Araba hegoaldetik iparraldera zeharkatuz. Linea honek energia asko garraiatzeko gaitasuna izango luke, hiru proiektu hauentzako beharko litzatekeena baino askoz gehiago.
Udal eta eragile ugarik salatu izan dute proiektuak banaka aztertzea, Solariaren asmoak handiagoak direnean, eta proiektua bere osotasunean aztertzea exijitu izan dute. Arrazoia eman die aldundiak. Beste eguzki parke batzuek sortutakoa garraiatzeko "erreserbako zirkuitoak" dituela argudiatuta, adierazi dute ebaluazioa osotasunaren gainean egin beharko litzatekeela, linea erabiliko luketen proiektu guztiak batera aztertuta.
Aldunditik Solariari proposatu diote energia isurtzeko beste kokaleku batzuk aurkitzea "sortzen den lekutik gertuago" egongo direnak, Zierbenaraino joan beharrik gabe. Beste aukerak aztertu ez izana leporatu diote, eta "ebakuazio beharrak gainditzen dituen linea elektrikoa" diseinatu izana gaitzetsi dute.