"Arabaren kohesioari mesede egingo dion mugikortasuna" galdegin du EH Bilduk

Erredakzioa 2024ko ira. 17a, 16:30

Aldiriko trenaren aldeko apustua berretsi du EH Bilduk. Argazkia: PHOT.OK

EH Bilduko batzarkide taldeak 43 alegazio aurkeztu dizkio Arabako mugikortasun jasangarriko 2025-2034 egitasmoari.

Mugikortasunaren Europako Astearekin batera agerraldia egin du EH Bilduk Batzar Nagusietan. Eva Lopez de Arroiabe taldeko bozeramaileak eta Xabi Valdor batzarkideak mugikortasun jasangarriko egitasmoaren inguruan dituzten proposamenak aurkeztu dituzte, eta 43 alegaziotan bilduko dituztela aurreratu dute.

Valdorrek eman du EH Bilduk egin dituen alegazioen berri, bost multzotan banatuta. Planak "Arabaren kohesioari mesede egin" behar diola esan du batzarkideak, baita despopulazioari aurre egin ere. Ildo horretan, Añanan eta Mendialdean, hau da, despopulazioak gehien kaltetutako eskualdeetan, garraio publikoaren maiztasunak handitu behar direla adierazi du, izan ere, "biztanleria eta herrien dispertsioa ezin da aitzakia bat izan kalitatezko zerbitzu publikoak ez eskaintzeko". Bestalde, Valdorren esanetan, mugikortasunak nazio ikuspegia ere hartu behar du kontuan, Arabak Sakanarekin eta Lizarraldearekin dituen harreman naturalak aintzat hartuta, eta Trebiñu kontuan hartuta.

Halaber, elektrifikazioa azpimarratu du, eta aldiriko trenaren aldeko apustua. "Horrekin batera, bizikletaren erabilera areagotzeko segurtasuna bermatzea, sarea zabaltzea eta intermodalitatea sustatzea" ere proposatu du EH Bilduk.

Kontsumoa murriztu

Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak mugikortasunaren "estrategikotasuna" nabarmendu du, eta adierazi du EH Bilduren ustez egin beharreko "trantsizio ekosozialean" ezinbesteko garrantzia duela. "Asko hitz egiten da energia berriztagarriaren beharrezko hedapenaz, baina ez dugu ahaztu behar energia garbia ekoiztea bezain garrantzitsua dela gure kontsumoa murriztea. Eta garraioa eta mugikortasuna energia gehien kontsumitzen duen sektoreetako bat da: Euskal Herriaren kasuan, energiaren kontsumoaren %42 garraioari dagokio".

Mugikortasunaren eta garraioaren arloan, beraz, murrizketa "elektrifikazioan" datzala adierazi du Lopez de Arroiabek. "Oro har, planteatzen dugu herrialde honetako edozein mugikortasun planek aldiriko tren bat jaso behar duela. Horrez gain, bizikleta egunerokotasunerako garraiobide gisa erabiltzearen aldeko apustua egin behar du; eta nazio ikuspegia bermatu behar du, ondoko eskualdeekin lotura bermatuz".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago