Aldundiak eta EHUk laugarrenez abiatu dituzte Henrike Knörr bekak, Araban euskararen erabilera helburu duten ikerlanak bultzatu eta sustatzeko. Atzo egindako aurkezpenan, Jone Berriozabal Euskara diputatuak nabarmendu zuen "pozgarria" dela ikustea "orain arte emandako lau bekak gure lurraldean euskararen ezagutza aberasten duten lau proiektu interesgarri bihurtu direla".
Berriozabalen esanetan, aldundiak "urteak daramatza euskal hiztunak eta euskaldunen sareak aktibatzen eta Lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen lagunduko duten politikak ezartzen". Norabide horretan, hizkuntzaren gaineko ikerketa bultzatzen dituzten sarien garrantzia azpimarratu du.
Berriozabalekin batera egon dira aurkezpenean Garikoitz Knörr Henrikeren semea, Victor Moreno EHUko Kultura zuzendaria, eta Mikel Gartziarena, 2022ko edizioko sarituetako bat. Aurkezpenaz baliatu dira, hain justu, Mikel Gartziarenak egindako lana aurkezteko: Hizkuntz sinesmenak eta haur eta lehen hezkuntzako irakasleen jarrerak: euskararen egoera eta erronkak Arabako hezkuntza eleanitzaren testuinguruan.
Gehienez 2.000 euroko zenbatekoa duten bi sari horiek eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea 2024ko urriaren 16an amaituko da. Epaimahaiak honakoak baloratuko ditu: "proiektuaren xedea eta interesa, Araban euskararen erabilera normalizatzeko egiten duten ekarpena, ebaluazio orokorra, garapen maila, bideragarritasuna, curriculum vitaea eta espediente akademikoa eta masterreko azken lana".