Pedalkada herrikoi handi batekin ospatuko dute Mugikortasunaren Astea

Erredakzioa 2024ko ira. 13a, 17:38

Besteak beste, patineteetarako mugikortasuneko ordenantza berria aurkeztuko dute saio desberdinetan. Argazkia: ALEA

Jarduerak irailaren 16tik 22ra bitarte egingo dira 'Konbinatu eta mugitu!' lelopean

Beste urte batez, Gasteizek Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du, irailaren 16tik 22ra. Garraiobide jasangarriak sustatzea, autoen erabilera gutxitzeko beharrari buruz kontzientziatzea eta bitarteko ugarien arteko elkarbizitza baketsua bermatzea izango dira helburuen artean, azaldu dutenez. Aurtengo ediziorako hautatutako gaia espazio publiko partekatua da, eta leloa, aldiz, aurreko urteetako bera: Konbinatu eta mugitu!. Horren bidez, intermodalitatea azpimarratu nahi dute bereziki.

Jarduerak astelehenean hasiko dira, Konstituzio plazan egingo diren ginkanarekin eta bizikleten tailerrarekin. Toki horretan bertan, patineteetarako mugikortasuneko ordenantza berriaren berri emango dute. Ordenantza berri horrek, besteak beste, gidari guztiak kaskoa janztera behartzen ditu. Jarduera hori bera egingo da egunero hiriko beste hainbat txokotan: Ekialdeko parkean, Molinuevo parkean, Galeon parkean eta Gurutze Gorriaren plazan. Aste osoan zehar, gainera, herritarrentzat zabalik egongo diren bi ibilaldi egingo dira: hilaren 19an, bizikletaz, eta hilaren 20an, patinetez. Horietan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.

Ekitaldi nagusia hilaren 21ean, larunbatean, egingo da Probintzia plazan. Adin guztietarako ekintzak egongo dira eta bizikleta izango da protagonista. Hala, 25 bizikleta estatikorekin pedalkada herrikoi handi bat egin eta pantaila handi bat jarriko dute. Bertan, erreketa-ibilgailuak erabili beharrean, garraiobide garbiak, bizikleta adibidez, aukeratzen baditugu atmosferara igorritako CO2 isuriak nola gutxitzen diren ikusi ahal izango da.

Ohikoa den moduan, programazioa ixteko, Autorik Gabeko Eguna egingo da hilaren 22an, igandean. Hiri-autobusak, BEI barne, eta tranbia doakoak izango dira. Aurreko edizioetan bezalaxe, taxien sektoreak ere bat egingo du autorik gabeko egun horrekin eta, hala, 3 euroko beherapen-txartelak banatuko dizkie egun horretan haien zerbitzuak erabiltzen dituztenei. Txartelak urtearen amaierara arte erabili ahal izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago