Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektoreko lehen hitzarmenerako hamahirugarren negoziazio mahaia egin da aste honetan, patronalek egindako proposamena aztertzeko. ELAk azaldu duenez, hiru patronalen proposamenak soilik jorratzen ditu soldatak eta lanaldia, gainerako lan baldintzak ahaztuta. "Hori ez da nahikoa", esan dute.
Sindikatuaren esanetan, urtean hamar ordu murriztea proposatu dute patronalek, eta beraz, 2028rako 1.742 ordu izatea. "Proposamenaren urte jakin batean, gainera, estatuko hitzarmenean ezarritakoa baino txikiagoa da", salatu dute. Bestetik, soldatari dagokionez, "ez da urteko 19.600 euroko mailara iristen, ezta 2028an ere", azpimarratu dute. Proposamen horiek "ez dira aski, sektoreko prekarietatea kronifikatzea baitute helburu".
ELAren ustez, eta mahaian adierazi bezala, negoziazioaren funtsezko puntuak honako hauek dira: "Lanaldia nabarmen murriztea 1.592 ordurako bidean; gerokultoreen soldata definitzea 19.600 eurotan gutxienez; inaplikazioa; ultraaktibitatea; eta, prekarietatearen aurkako neurriak, batez ere lan osasunean eta kontratuetan". Lan baldintzen hobekuntza horiek gabe, ELAk ziurtatu du ez dela inolako akordiotan egongo.