Gasteiz eta udalerriak dituen 64 herrietako izenetan sekretu gutxi da Elena Martinez de Madina (Gasteiz, 1962) filologoarentzat. Izan ere, ia 30 urtez, auzo, etxe, ibai eta bestelako txokoen inguruko dokumentazioa bildu eta aztertu du Onomasticon Vasconiae Gasteizko Toponimia lan mardulean. Euskaltzaindia eta Henrike Knorren eskutik abiatu zuen proiektua, 1996an, eta berriki amaitu du sei mendetako 600.000 bat erregistro inguru bilduta; bi urtean behin argitaratutako bederatzi liburukitan aurkeztu du ikerketa zabala. Etapa bat ixtearekin batera, egindako lanaren aitortza ere jaso du: Urrezko Zeledon.
Gasteiztar batek jaso dezakeen sari nagusiena duzu esku artean: Urrezko Zeledon.
Oso pozik nago. Sorpresa ederra izan da, egia esan. Burutik sekula pasatzen ez zaizun gauza horietako bat, lanean buru-belarri nengoela bat-batean heldu zena. Eskerrak eman behar ditut, eta, besteak beste, ezin dut hiria ahaztu, elkarri emandakoa, nik Gasteizi emandakoa eta hiriak niri.
Lehenengo aldiz jaso du emakume batek beste inorekin partekatu gabe.
Bai, zazpi emakumek jaso dute saria aurretik, baina beste gizon batzuekin batera. Eta oraingo hau beste pauso bat ere bada; emakumeok, ez nik, irabazi dugun beste pauso bat. Ni edo beste edonor izan zitekeen irabazlea, kontua da hemendik aurrera normala izango dela emakume batek bakarrik jasotzea. Aurretik bidea egin duten emakumeei ere eskertu nahi diet saria.
Toponimiari buruzko lanagatik saria. Herritarrek ematen ote diote merezi duen garrantzia toponimiari?
Ezagutzen ez denak ez du interesik pizten. Horregatik uste dut dibulgazioa oso garrantzitsua dela. Azken batean gure ondarea berreskuratzen ari gara, eta diru publikoarekin egiten da ikerketa. Nola bueltatu gastu hori hiritarrei? Zabalpena egitea da modua, bestela ez du zentzurik egindako lanak. Eta nik, egia esan, dibulgazio lan handia egiten dut, izugarri gustatzen zait gainera. Duela gutxi arte ematen zuen dibulgazioa egiten zuen ikerlaria bigarren mailakoa zela, eta hori ere aldatu da. Ikusten da, gainera, interesa pizten duela gaiak; herritarrei gustatzen zaie jakitea Basoa edota Arana nondik datozen...
"Fisika kuantikoa ez du inork eztabaidatzen; aldiz, denok gara 'aditu' toponimian"
'Mendizorrotza' edo 'Salburua' atzo asmatutako izenak direla pentsa dezake norbaitek.
Horregatik da garrantzitsua dibulgazioa. Mendizorrotza, Mendizabala, Basoa edota Arana nondik datozen jakiteko, Gasteizko toponimoak direla jakiteko, ez direla atzo asmatutakoak, mendeetan izan direnak baizik. Kontu hauek azalduz gero, jendeari interesatzen zaio. Nik neuk ere toponimiaz ezer gutxi nekien aurretik, eta sorpresa ugari aurkitu ditut.
Zein duzu gogoan?
Asko dira, baina kuriosoa da, esaterako, Jeniturri izeneko toponimoa. Iturri zer den ondo dakigu, baino zer izango ote da "jen"? Ikerketa egin ondoren, lekuko askoren testigantzak jasota, axeariturri edo axariturri zela jakin genuen, azerien iturria alegia. Halako beste hamaika sorpresa. Izen asko erabat desitxuratuta heltzen dira, edozein hizkuntzatan fenomeno ohikoa da hori, eta zaila izaten da benetako esanahia topatzea. Landare eta animaliei lotuta askotan, kurriloen bidea dela edo bestelako landareren baten eremua dela... Azken batean, denetarik jakin behar duzu zertxobait. Historia ezagutu behar duzu, baina baita natura, usadio eta bestelakoak ere, edo iturri fidagarrietara jo. Landareen kasuan, esate baterako, Manu Ruiz de Urrestarazu entziklopedia bizia da, eta kontsultarik behar badut berari egiten diot.
Nola egin urteetan bildutako jakintza hori guztia gazteengana eramateko?
Bide ugari dago, eta nik batzuk jorratu ditut. Eskoletan, esate baterako, hainbat tailer egin ditut, jokoen bitartez toponimiak duen garrantzia nabarmentzeko, eta hitzaldi ugari ere eman ditut. Aldundiarekin batera, esate baterako, Arabako toponimiaren inguruko lehiaketa bat antolatu genuen, eta irratian ere ia hogei urte egin ditut toponimia, izenak eta onomastika ahotan. Halakoetan konturatzen zara zenbateko interesa pizten duen gaiak.
Toponimia ikertuta, zer arrasto ematen digute Gasteiz eta gasteiztarren inguruan?
Toponimiak pista ugari ematen dizkigu usadio eta hamaika gairen inguruan. Kasu honetan, bi hizkuntza nagusi egon direla badakigu, eta euskaraz gorde direnak ditugu, Mendizorrotza kasu, denbora bat igarota bueltatu direnak edo desagertu direnak tartean, edozein toponimiatan gertatzen diren fenomenoak izan direlako.
"Toponimiak pista ugari ematen dizkigu herriko usadio eta beste hamaika gairen inguruan"
Nondik hasi behar du ikerlariak toponimia ikertzen?
Lekukotasunak biltzea da lehendabiziko lana. Egindako lan honek 600.000 bat erregistro ditu, eta sei mende hartzen ditu. Beraz, pentsa, zenbat artxibo bisitatu behar diren. Guztiak. Batez ere, Arabako Probintzia-Artxibo Historikoa izan da iturri nagusia, eta horrekin batera udaletako dokumentuak, mugarri eta lur eremuei buruzkoak, edota herentziak, horietan lur sail bakoitzaren deskripzioa jasotzen da. Arkeologoekin parekatzen dut lana. Nondik hasten dira? Harriak ateratzen, eta gure kasuan izenak. Ostean, metodo zientifikoa erabilita, ikertu egin behar dira izen guzti horiek, eta euren arteko loturak bilatu, posible den kasuetan. Asko desagertu dira, edo bi mende bizi dira eta gero desagertu. Hipotesi batzuk proposatzen dira, eta, metodo hori jarraituz, beste batzuek egingo dute erreplika. Araban, XX.mendean lan handiak egin ziren. Gerardo Lopez de Gereñuk egindako lan izugarria daukagu, esate baterako; 22.000 toponimo ditu publikatuta, baina modu alfabetikoan, eta asko errepikatu egiten dira, lekuaren arabera modu batean edo bestean esaten zelako. Orain beste modu batean egiten dugu lan, izen baten inguruko puzzle osoa osatzen saiatzen gara, mende desberdinetan esan denaren arabera.
Zer da zailena ikerketa prozesuan?
Beharbada izenak lotzea. Mendeetan aldatu ez direnekin ez dago arazorik, Arana kasu. Arana ez da bost mendetan aldatu, ezta Basoa ere. Baina, noski, gehienak desagertu dira, beste asko aldatu dira... Nola lotu XX. mendeko bat XVI. mendeko batekin? Oso lan nekeza da. Hitz hori agertu den ingurunea ondo aztertu behar duzu, asko irakurri behar duzu, zeren ondoan zegoen jakin eta loturak egiteko. Linguistikoki, berriz, etimologia da zailena, askotan sorpresak izaten direlako. Oreitiasolo toponimoaren adibidea dugu, esaterako. 1940ra arte horrela esaten zioten, bat-batean dokumentu batean aldaketa bat egin arte, ziurrenik funtzionario batek egindakoa, eta Uritiasolo izatera igaro zen. Hala jaso zuten dokumentu ofizial batean eta hala mantendu da guk ikerketari esker jatorria ezagutu arte. Judimendirekin ere antzeko zerbait gertatu da; XX. mende erdira arte Judimendi idazten zen, eta gero hasi ziren 'z' bat erabiltzen auskalo zergatik, akaso Jundiz-engatik, eta duela hogei urte jakin genuen aurretik nola esaten zen.
"Gizon batek jasoko ez lituzkeen 'aholkuak' jaso ditut nire lanean"
Eztabaida sortzen dute erabakiek?
Fisika kuantikoa ez du inork zalantzan jartzen, baina toponimia jende guztiak eztabaidatzen du. "Aditu" ugari dago. Zalantzan jartzen dute zure lana, eta argi daukat emakumeona are nabarmenago. "Ez zaitez fidatu dokumentu horrekin nire aitonak zera esaten zuelako...", entzun behar izan dut noizbait. Gizon ikerlari bati zalantzan jarriko genioke bere ikerketa hodiaz egindako esperimentu bat? Eta lasai geratzen dira, gainera, aholkua ematen dizutenean. Alde batetik, baloratzen dute egin duzun lana, liburukiek egindakoa agerian uzten dutelako, baina, beste alde batetik, paternalismoa ere badago, beti aholku bat atzetik, zertaz ari diren jakin gabe ere. Argi daukat, ni neu Elena beharrean Don Luis banintz, honezkero bederatzi liburukirekin ziurrenik Don Luis izendatuko ninduten eta, ez lidakete gomendio hau eta bestea emango, "kontuz, Don Luis, ez fidatu dokumentu horrekin...", bai, zera! Eta, noski, gizonen partetik heltzen dira beti aholku horiek. Emakume izanda ezin duzue imajinatu zenbat gauza gertatzen diren! Gogoan dut hasi nintzenean dokumentu bat eskatzeko ere zailtasunak genituela emakume izateagatik. Lankide batekin joan nintzen Calahorrako artxibora, eta hiru egun behar izan genituen dokumentu bat eskuratzeko, bertako langilea ez zelako fidatzen bi emakumek egingo zuten lanaz; bizkar gainean genuen testuak nola irakurri eta aztertzen genituen begira, zaintzaile. Zorionez gauzak aldatzen ari dira.
Erakundeek ematen diote merezi duen tokia toponimiari?
Baietz uste dut. Gasteizen kasuan, udal gobernu desberdinek urtero eman diote babesa proiektuari, eta uste dut hiriak jakin izan duela toponimia gordetzen eta babesten. Niri dagokidanez, oso lan gogorra izan da bakarrik egotea, sekulakoa, baina hala eskaini zidaten eta hala erabaki nuen. Jakin izan banu nolako saltsa zekarren honek ez dakit egingo nukeen, kar-kar.
Gasteiz amaituta, zein izango da hurrengo lana?
Garai batean hasi nituen zenbait ikerketa ditut mahai gainean, eta horiek amaitzea gustatuko litzaidake, baina ez dut izenik eman nahi oraingoz, benetan egingo dudan erabaki arte. Ikergairik ez da falta, han eta hemen, eta dibulgazio lanarekin ere jarraituko dut, egunkari eta irrati artean. Esforzu berezia egin behar dugu dibulgazioan.