"Inpunitate sistema inposatu da frankismoko krimenen inguruan"

Jon Hidalgo 2024ko ira. 12a, 14:55

Ezkabako ihesaren inguruko indusketa lanak. Argazkia: Nafarroa 1936

Ezkabako ihesean hildako Segundo Hernandez gasteiztarraren gorpua identifikatu dute Nafarroan. Bere senidea den Lander Garcia "memoriaktibistarekin" hitz egin dugu ALEAn. Ezkabako espetxetik ihes egindako ia 800 presoetako bat zen Hernandez, eta beste bi iheslarirekin batera hil zuten frankistek 1938an.

Segundo Hernandez Blanco gasteiztarraren gorpuzkiak identifikatzea lortu du Nafarroako Gobernuaren DNA bankuak, hil zutenetik 86 urte igaro direnean. Altxamendu faxistaren biktima da Hernandez. Gasteiztik ihesean ari zela harrapatu zuten. Bi urtez preso egon ostean, Ezkabako presondegitik ihes egin ondoren hil zuten soldaduek, hemeretzi urte zituela. 2015ean aurkitu zuten gorpua Eguesibarren, eta orain lortu dute identifikatzea.

Lander Garcia memoria historikoaren aktibistaren senidea da Segundo Hernandez, amonaren neba zehazki. Familiak esker ona adierazi die aurkikuntza ahalbidetu duten ikerlari eta erakundeei, baina gogor salatu dute "frankismoaren krimenen inguruan inposatutako inpunitate sistema". Segundo Hernandezen arreba bat bizi da oraindik, 95 urterekin, Ezkaban preso egondako garaian bisitan joan eta berarekin egondakoa. Urrian emango dizkiote gorpuzkiak familiari. Haien aita, Joaquin Hernandez, ere hil zuten frankistek, 1936ko abenduan.

Frankisten altxamendutik ihesi

1936ko uztailean atxilotu zuten Hernandez, frankisten menpe geratua zen Gasteiztik ihesi zihoala. Otxandiora bidean zegoen, Eusko Jaurlaritzaren menpeko lurretara heldu nahian, baina bidean atzeman zuten faxistek. Hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta Gasteizko espetxean izan zuten preso, 1937ko urtarrilean Ezkabako presondegira lekualdatu zuten arte.

2.500 preso inguru zeuden Ezkaban, gehienak arrazoi politikoengatik atxilotuak. 1938ko maiatzaren 22an, historiako ihesaldirik handienetakoa antolatu zuten presoek, eta ia 800 pertsonak egin zuten ihes. Haietako hiruk soilik lortu zuten iparraldeko muga zeharkatzea, eta 200dik gora atxilotu eta hil zituzten frankistek. Desagertuta egon dira ordutik. Ezkabako gotorlekuaren inguruetan hobi komun ugari dago, hildako iheslarien gorpuekin.

Diktadura garaian, noski, ez zen gorpuak bilatu edo identifikatzeko lanik egin, baina azken hamarkadetan ere ez dira baliabideak jarri biktimak berreskuratzeko, familiak eta hamaika eragilek salatu izan dutenez. Hernandezen familiak ohartarazi du "zigorgabetasun eredua" dagoela indarrean, ez delako "frankismoarekin moztu".

Berandu, ziur aski, baina heldu zaio azken urteetan memoria lanari, eta hasi dira baliabide gehiagorekin biktima batzuen gorpuak aurkitu eta identifikatzen. Nafarroako DNA bankuak 43 gorpu identifikatu ditu jadanik, horietako bederatzi Ezkabako iheslariei dagozkienak. 

2015ean aurkitu zen gorpua

Ezkabako iheslarien hobi komunetako bat topatu zuten ikerlariek 2015ean, Elia herrian, Eguesibar inguruan. Hiru iheslari zeuden bertan lurperatuta, eta bat identifikatzea lortu zuten orduan, Bidankoze herriko Vicente Mainz Landa. Beste biak ez zituzten identifikatu. Baliabiderik gabe, eta babes publikorik gabe, oso garestiak dira halako prozedurak, eta garai hartan Nafarroako Gobernuan oraindik ez zegoen memoria berreskuratzeko planik indarrean.

Identifikatu gabeko bi gorpu horiek Iruñeko hilerriko panteoi batean utzi zituzten. Orain, baliabide gehiagorekin, DNA frogak egiteko aukera izan dute. Senideen lagina hartu dute ikerlariek, eta azken urteetan berreskuratutako gorpuekin alderatzen hasita, konturatu dira Segundo Hernandezen gorpua zela Elian aurkitutakoetako bat. 
Nafarroako Gobernuak urrian emango dizkio gorpuzkiak familiari, berreskuratutako beste biktima batzuekin batera, ekitaldi batean, eta Gasteiza ekarriko dituzte Hernandezen gorpuzkiak, familiak erabaki dezan zer egin.

Esker ona, baina salaketa sutsua

Familiak esker ona adierazi die 86 urte eta gero gorpua berreskuratzea posible egin duten pertsona, ikerlari eta erakunde guztiei. Baina, maila berean, salaketa plazaratu nahi izan dute, orain arte hau posible ez izatea eragin duten erakundeen eta sistemaren aurka. "Hainbeste denbora pasa bada, izan da hamarkadaz hamarkada inposatutako inpunitate sistema dagoelako, eta estatu estrategia egon delako indarrean frankismoaren krimen guztiak ez daitezen argitara atera". Frankismoaren osteko urteetan ere, "ustezko demokrazia urteetan", lehenago lortu ez izana ere salatu du sendiak. 

"Orain posible izan da, borondate politikoa egon delako, eta memoriaren aldeko lan izugarria egin delako, zailtasun guztien aurka". Esker ona eta salaketa beraz, familiaren aldetik. "Bere askatasun ametsak darrai, faxismoaren aurkako gure borrokak darrai" idatzi du Lander Garcia senideak sare sozialetan. Pozik agertu bada ere, aurkikuntzaren dimentsio politikoa nabarmendu du Garciak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago