Gantz guztiak "deabrutu" behar ez direla ohartarazi dute EHUko ikertzaileek

Erredakzioa 2024ko ira. 12a, 11:55

Elikadura eta Gizentasuna taldeko ikertzaileek parte hartu dute liburuaren osaketan. Argazkia: NURIA GONZALEZ / EHU
Obesitatea eta gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arrisku handiagoa ekarri ohi dute, baina guztiak ez dira berdinak.

Izan ohi duten ospe txarretik harago, gantz edo lipidoek dietan duten garrantzia azpimarratu du EHUko ikertzaile talde batek, gaiaren bueltan kaleratu berri den gidaliburu batean.

Grasas y aceites de la dieta. Guía sobre aspectos nutricionales y tecnológicos izeneko liburuan, ikertzaile hauek nabarmendu dute gantzak "elikadurako mantenugaietako bat" direla, eta "egunero kontsumitu" behar direla, "funtzio metaboliko oso garrantzitsuak" dituztelako.

Horien inguruan "informazio zehatz eta eguneratua" izateko beharra ikusi dute EHUko Elikadura eta Gizentasuna ikertaldeko zientzialariek. Izan ere, obesitatea eta gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arrisku handiagoarekin lotu izan da gantzen kontsumoa, eta, hori hala izanik ere, gantz guztiak ez dira berdinak. "Beharbada, gantz asegabeen adibidea da argiena —adibidez, arrain urdinean dauden Omega-3 gantz azidoak—. Horiek mesede egiten diote osasun kardiobaskularrari, nazioarteko garrantzi handiko azterlan kliniko ugarik frogatu dutenez", adierazi du ikertzaile taldeak EHUk zabaldutako ohar batean. Hori dela eta, gantz guztiak ez "deabrutzeko" beharra ikusi dute. 

Besteak beste, lipidoek funtzio energetikoa dute, gramo bakoitzeko kaloria gehien ematen dituzten mantenugaiak direlako. Zeluletan egitura funtzioak betetzen dituzte, mintzetan; isolatzaile termiko eta babes mekaniko gisa ere funtzionatzen dute, eta funtzio erregulatzaileak dituzte zenbait hormonatan. 

Gaineratu dute olio eta gantzek "propietate sentsorial eta teknologiko paregabeak" ematen dizkietela elikagaiei: zaporea, testura eta asetasun sentsazioa. Izan ere, elikagaia zaporetsua edo desiragarria izatea ahalbidetzen dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago