Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioaren "informazio eta txosten tekniko guztiak" izateko zain daude erakundeak, Abiadura Handiko Trenaren EAEren eta Nafarroaren arteko lotunea Ezkio-Itsason ala Gasteizen izango den argitzeko. Azken erabakia iritsi bitartean, Arabako eta Gipuzkoako erakunde nagusien ordezkarien arteko desadostasunak eta interpretazio kontrajarriak agerian geratu dira azken asteotan.
Bere iritzia publiko egin duen azkena Gasteizko PSEko alkate Maider Etxebarria izan da. Gutun batean, Gasteizko lotunearen aldeko jarrera argi eta garbi erakutsi du alkate sozialistak. "Euskal Y-a Nafarroarekin lotzeko erabaki estrategiko bati egin beharko dio aurre Euskadik, Zaragozarekin eta Mediterraneoko korridorearekin lotzeko. Erabaki horrek eragina izango du gure etorkizunean, eta, beraz, zorrotz eta lidergoz jokatzea eskatzen du. Alde horretatik, eta betiere beste pertsona batzuek egin ditzaketen gogoetak errespetatuz, oso argi daukat Gasteiztik igarotzen dena dela aukerarik onena. Eta horregatik espero dut Ezkio-Itsasokoari gailenduko zaiola. Oso erraza da: Gasteizko alternatiba errazagoa, iraunkorragoa eta bideragarriagoa da ekonomiaren ikuspegitik. Eta gure hiriak eta lurraldeak aurrera egin dezaten lagun dezake. Beraz, nik argi daukat: nire apustua da AHTak Iruñearekin bat egitea Gasteiztik".
Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez jelkideak, ordea, polemika saihestu du azken agerraldietan, eta uko egin dio AHTaren loturari buruz hitz egiteari "ministerioaren txostenak izan arte". "Leialtasuna" defendatu du Gonzalezek, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozarekin "polemikak elikatzea" saihesteko.
Izan ere, "alboraezina" da Gipuzkoako ordezkari politikoentzat Ezkio-Itsasorekiko lotura. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ziurtatu zuen aurreko astean Eusko Jaurlaritzak Ezkio-Itsasoko aukera hobesten duela eta "jarrera finkatuta" duela. "Pozik" agertu zen, bere hitzetan, "hau herri azpiegitura bat" delako eta "funtzionalitate ikuspegitik" aukera onena Gipuzkoakoa delako. "Euskal erakundeok, jakinda gure herriarentzat estrategikoa den azpiegitura bat dela, erabakimena eta erabakitzeko eskumena dugu".
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren eledunak, baina, bestelako interpretazio bat egin du Mendozaren adierazpenen harira. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren ostean egin duen agerraldian, argi esan du oraindik ez dagoela ezer erabakita. Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioaren "informazio eta txosten tekniko guztiak" izateko zain daudela azaldu du. "Inbertsio ikaragarria da, urte askotarako azpiegitura bat izango da, eta, erabakia hartzeko, ahal den informazio guztia izan behar dugu", erantsi du.
Hiruren erabakia
Ubarretxenak ere esan du azken erabakia Espainiako Gobernuaren, Nafarroako Foru Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostutakoa izango dela. "Ziur nago Euskadirentzat erabaki onena izango dela".
Ildo horretan, Imanol Pradales lehendakariak Espainiako Gobernuari eskatu dio "bizkortzeko" eta "lehenbailehen" mahai gainean jartzeko erabaki ahal izateko txosten teknikoak. Gipuzkoaren eta Arabaren arteko eztabaida arintzen saiatu da Pradales Maria Chivite Nafarroako presidentearekin iragan astean egindako bilera instituzionalean, eta bi lurraldeetako erakundeei eskatu die euren "interes partikularretatik harago begiratzeko eta espekulatzeari uzteko, AHTa Gipuzkoatik ala Arabatik egingo den jakiteko".
Txostenak, printzipioz, 2025eko lehen seihilekora arte atzeratuko dira, baina lehendakariak esan du presioa egiten ari dela lehenago irits daitezen. "Herri honentzat oso garrantzitsua den azpiegitura baten aurrean gaude, informazio teknikoa, ingurumenekoa eta ekonomikoa behar dugu", adierazi du.