Ilarduiako La Leze gaztandegiko Eli Gorrotxategik eta Joxe Mari Jauregik eskuratu dute Ordiziako 51. Latxa Ardi Gazta Txapelketako sari nagusia. 2.000 euro, txapela, Kutxaren garaikurra, 12.000 etiketa eta diploma jasoko dituzte irabazleek.
Bigarren saria Lekarozko Kortaria gaztandegiarentzat izan da. 11.000 euro jasoko ditu, Ordiziako Udalaren garaikurra eta diplomarekin batera. Hirugarren Segurako Eneko Goiburu sailkatu da, iazko edizioko irabazlea. 500 euro eskuratuko ditu, garaikurra eta diplomaz gain. Laugarrena Egozkueko Loperena geratu da (250 euro), eta bosgarren Abadiñoko Urien gaztandegia (200 euro).
Enkantea
Josema Requena Garmendia ordiziarraren Azkue Gourmet enpresak bereganatu du Ordiziako gazta txapelduna. 5.000 euroko eskaintza egin du La Leze gaztandegiko gazta erdiarengatik. Enkante bizia izan da, bost minutukoa, eta azkar egin du gora prezioak. Are, aurten eskaintzak telematikoki egiteko aukera zegoen eta batek baino gehiagok baliatu du aukera hori. Hala, 5.000 euroraino igo da enkantea, iazko 3.550 euroen aldean. Antolatzaileek, enkantea hasi baino lehen, 5.000 eurotan jarri dute helburua.
Epaimahaiaren buru Pedro Subijana izan da, eta horretan izan dira Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz eta Elena Arzak sukaldariak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center-eko zuzendaria eta hainbat kazetari
Guztira ardi latxa edo Karrantzako ardiaren esnearekin egindako 47 gazta aurkeztu dira, horietatik 24 keatuak. Gipuzkoako 20 gaztandegik, Nafarroako 12k, Arabako 9k eta Bizkaiko 6k hartu dute parte.