Arabak 306.000 euro bideratuko ditu kuadrilletan turismoa sustatzera

Erredakzioa 2024ko ira. 10a, 16:22

Bisitariei eskainitako zerbitzuak "hobetuko" direla babestu du aldundiak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Gaur onetsi du Foru Gobernu Kontseiluak diru laguntza deialdi honen ebazpena.

Aldundiak 306.000 euro emango dizkie kuadrillei turismoa sustatzeko proiektuetan aurrera egin dezaten. "Baliabide horiei esker, Arabako eskualdeetako erakargarriak ezagutarazteko ekimenak gauzatu ahal izango dira, eta bisitariei eskainitako zerbitzuak hobetuko dira", babestu du aldundiak. 

Besteak beste, turismoko eskualde bulegoak kudeatzera, sustapen materiala diseinatu eta argitaratzera, azoketara joatera, publizitate kanpainak egitera, turismo produktu berriak sortzera, ekitaldiak antolatzera eta teknologia berriekin lotutako ekimenak abiaraztera bideratuta daude finantzazioa jasoko duten proiektuak. Aldundiaren arabera, Turismo Sailak lehentasuna eman die "proiektu teknologikoak berritzaileak egiteari", irisgarritasuna eta jasangarritasuna aintzat hartu dituztenei, eta "hoteletako eta nekazaritza turismoetako okupazioa sasoien araberakoa izan ez dadin laguntzen dutenei".

Araialdeak eta jasoko Gorbeialdeak dute diru gehien, bakoitzarentzat 55.000 eurorekin. Mendialdeak, Lautadak eta Añanak, 53.000 bat euro, bakoitzeko. Arabako Errioxak, berriz, 34.904 euro jasoko ditu.

Besteak beste, honako proiektuak nabarmendu ditu diputazioak: Aiaraldean, antzerki formako bisitak, sustapen eta publizitate kanpainak, txakolinari lotutakoak, zikloturismoa eta mendia. Gorbeialdean, publizitatea eta sustapena, azoketara joatea, Turismoaren Kode Etikoa ezartzea, bisita gidatuak egitea, edota bidaia agentzientzako bisitak egitea. Mendialdean, publizitatea eta webgunea, Bide Berdearen Eguna, Ibilbide Berdeak, Mina Lucia, Behaketa Astronomikoa, bisita gidatuak edota erreportajeak dira laguntza jasoko duten proiektuetako batzuk.

Lautadan, Gastronomia Jardunaldiak, autokarabanak aparkatzeko kudeaketa adimenduneko sistema, azoketara joatea, edota bisita gidatuak. Añanaren kasuan, Gastronomia Jardunaldiak, bisita gidatuak, argazki erreportajea eta mendi ibilaldien eta ondarearen inguruko produktu berri bat merkaturatzeko. Arabako Errioxan, berriz, Musika mahasti artean, Bastida-Urizaharra Ibilbidearen Eguna, eta Udazkenean Arabako Errioxatik paseoan produktuak dira lagunduko dituztenetako batzuk.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago