Alzheimerraren kontrako lana kalera aterako dute

Erredakzioa 2024ko irailaren 6a

Afaraba elkartean egiten duten lana ezagutarazi nahi dute. Argazkia: Afaraba

Besteak beste, Francesc Escabia eta Gorka Oriberen hitzaldiak izango dira jardunaldien artean.

Irailaren 21erako, Alzheimerraren Mundu Egunerako, Vital Fundazioak eta Afarabak programa berezi bat prestatu dute gaixotasun hori ikusarazteko, funtsak bilatzeko eta elkarteak gaixotasun hori duten pertsonen eta haien familien alde egiten duen lanaren garrantzia azpimarratzeko.

Ekitaldien egitaraua hilaren 17an, asteartea, hasiko da, 19:00etan, Vital Fundazioa kulturunean, Itziar Maneroren Memoria antzerki lan dokumentalaren eskutik. Asteazkenean, hilak 18, eta ostegunean, hilak 19, 19:00etan, Ignacio Aldekoa kultura etxean Narriadura Kognitiboari, Alzheimerrari eta Dementziei buruzko XXX. Jardunaldien ildotik, zientzia-dibulgazioari buruzko hitzaldi bi izango dira. Lehenengoan, Francesc Escabia, Altsasun, Iruñean eta Gasteizen zentroak dituen Felipe Lecea Fundazioa-Josefina Arregui Klinikako zuzendari medikoa Mitoak haustea. Ez da normala memoria falta izatea adinean gora egin ahala gaiari buruz arituko da; eta bigarrenean, Gorka Oribek, Farmazian katedraduna, irakaslea eta ikertzaileak Listuko biomarkatzaile bat garatzea, Alzheimerraren diagnostiko goiztiarra errazteko gaia azalduko du. Sarrera librea da edukiera bete arte.

Egitaraua, Zauden lekura iritsiko gara ekitaldi instituzionalak osatuko du. Ostiralean, hilak 20, 11:00etan, Santa Maria katedraleko elizpean izango da eta alzheimerraren munduko eguna dela eta, manifestuaren irakurketa egingo dute. Gonbidapena beharko da sartzeko.

Gainera, aurten ebakigarri bat diseinatu dute, eta, besteak beste, Alzheimerraren aldeko saltoki lagunkoiak eta solidarioak kanpainari atxiki zaizkion 270 saltokietan, ikastetxeetan, adinekoen zentroetan eta gizarte etxeetan banatuko dute. Elkartea ikusarazten laguntzea du helburu, Afarabatik azaldu dutenez. Asmoa da nahi duenak txantiloietako bat hartu, apaindu eta larunbatean, hilaren 21an, Loma Jeneralaren plazara hurbildu dadila, 12:00etatik 14:00etara, lorategia elefantez betetzeko. Elefante bakoitzeko, Vital Fundazioak 3 euro emango dizkio dohaintzan elkarteari.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago