Museoen Foru Sareak uztailean eta abuztuan izandako bisitei buruzko datuak "bikaintzat" jo ditu aldundiak. Gaur zabaldutako prentsa ohar batean ezagutzera eman duenez, 27.453 pertsonak bisitatu dituzte uda honetan museoak: 12.073 uztailean eta 15.380 abuztuan.
Foru erakundeak nabarmendu du azken urteetako bisitak gainditu egin direla, bai pandemia aurrekoak (23.549 bisitari 2019an), zein pandemia ostekoak (26.955 bisitari 2021ean).
Ohi bezala, Bibat Arkeologia eta Karta museoa izan da bisitari gehien jaso dituena, zifra osoaren erdia baino gehiago eskuratuz: 14.615 bisita izan ditu aurtengo uda denboraldian.
Arte Ederren Museoa, berriz, bigarren postuan kokatu da, eta iazko datuekin alderatuz bisitak galdu dituen bakarra izan da: 4.146 lagun bertaratu dira aurtengoan, 2023ko udan baino 161 bisita gutxiagorekin. Bisitari kopuruei erreparatuta, ondoren datoz Arma Museoa (3.572) eta Natur Zientzien Museoa (3.351).
Aztarnategiei dagokienez, La Hoya (Guardia) aztarnategia beheranzko joeran mantentzen da. Izan ere, udan 931 bisitari izan ditu. 2023an 970 izan ziren. Datu horiek oso urrun daude 2021. urteko (1.772) edo 2019. urtekoen aldean (1.210). Iruña-Veleiako aztarnategiak, berriz, goranzko joerari eusten dio, azken bost urteetako inoizko bisita kopuru handiena eskuratuz: 838.
Foru saretiko kanpokoen artean, Santa Maria Katedralak 23.228 bisita izan ditu (azken bost urteetako zifra altuena); Varonatarren dorreak, 831; Arte Sakratuaren Museoak, 8.960 —"XX lagun" (sic), aldundiaren euskarazko prentsa bertsioaren arabera: "XX uztailean eta XX abuztuan"—. Amarika aretoak, berriz, 796 bisita izan ditu.