Euskaraz "eroso" bizitzeko eskubidea aldarrikatu du AEK-k

Erredakzioa 2024ko ira. 5a, 14:03

Matrikulazio kanpainari ekin diote Gasteizko AEK-ko hiru euskaltegiek. Argazkia: AEK

Matrikulazio kanpaina abiatu du erakundeak. Gasteizen hiru euskaltegi dituzte aukeran.

Urriaren 1ean hasiko da AEK-k euskara ikasteko aurten prestatutako ikasturtea, eta Gasteizen hori egiteko hiru gune nagusi izango dituztela ekarri dute gogora: Zadorra euskaltegia (Lakuabizkarrean), Arana (Aranean) eta Aixkiria (Judimendin).

Irailaren 25era arteko epea dago AEKn matrikulatzeko, ikasturte berriari ekin ahal izateko. Gasteizko AEK-k ohar batean nabarmendu du "eskaintza eta ordutegi zabalak" eskainiko dituela. Egunean bi orduko ikastaroak, mintza praktika, astean hiru eguneko ikastaroak, larunbatetako trinkoak, edota C2 ikastaroa jarri dituzte adibidetzat.

Bestetik, AEK-k nabarmendu du aurten hainbat berrikuntza daudela ikasleei begira. Batetik, gogora ekarri dute aurrenekoz A1 maila ikasteko diru laguntza lerro berria ezarri duela Jaurlaritzak. Hala, horri esker, A1 maila egiteko AEKn ematen duten ikastaroa 330 ordukoa izanik —egunean bi ordu—, ikasleak soilik 198 euro ordaindu beharko ditu. Horrez gain, Lakuak 16-18 urte bitarteko gazteentzat C1 ikasteko diru laguntza ere eman du, eta, horrekin, ordu bakoitzeko 20 zentimoan geratuko da ikastaroa. Bestetik, 18 urte baino gehiago dituzten eta Araban erroldatuta dauden pertsonentzat A2, B1, B2 eta C1 330 orduko modulazioko ikastaroak egiteko 135 euroko diru laguntza emango du aldundiak. Aurreratu dute kopurua zuzenean deskontatuko dutela matrikulatik.

Bilbon egindako Euskal Herri mailako aurkezpenean AEK-k nabarmendu du erakundearen helburua dela Euskal Herriko biztanleak "euskaraz eroso bizitzea", eta norabide horretan segituko dutela lanean. "Herritarrek, ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea nahi dugu, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe", adierazi du Lurdes Etxezarreta eledunak. Haren esanetan, behin euskaltegitik aterata, ikasleek euskara arlo guztietan erabiltzeko aukera izan dezaten ziurtatu nahi dute AEKn.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago