Irakasteko "metodologia propioa" nabarmendu du IKAk

Erredakzioa 2024ko ira. 5a, 12:27

Euskaltegian bertan zein etxetik jarraitu ahalko dira ikastaroak. Argazkia: IKA

Matrikulazio kanpainari ekin dio euskaltegiak. Gasteizko eta Arabako Errioxako egoitzetan zein internet bidez ikasi ahalko da euskara. 

IKA te lo explika. Hizkuntza ulertuz, euskara ikasi lelopeko matrikulazio kanpainari ekin dio IKAk. Urrian hastekoak diren ikastaroetan izena emateko tartea hilaren 27ra arte zabalik egongo dela jakinarazi du erakundeak, ohar batean. Nabarmendu dutenez, "ikaslearen beharren eta nahiaren arabera" denetariko ikastaroak dituzte eskaintzan, "hasi egunean 5 ordukoetatik astean bitan joateko ikastaroetara".

A1 eta C1 mailetan matrikulatzen direnentzat deskontu handiak egongo direla aurreratu dute. A1 mailako ikastaroen kasuan, 280 eurotik gorako deskontuak egongo direla azaldu dute, eta ordaindutako dirua berreskuratzeko aukera dagoela ekarri dute gogora. Modu berean, C1 mailan matrikulatzen diren 16-18 urteko gazteek ere "deskontu handiak" eskuratu ahal izango dituzte. "Beraz, gero eta aukera handiagoak daude edozeinek euskara doan edo ia doan ikas dezan", azpimarratu dute. 

Gasteizen kasuan, hirian dauden hiru egoitzetan edo autoikaskuntza bitartez jarraitu ahalko da 2024-2015 ikasturtea. "Aurten 35 urte betetzen ditu IKAk, eta aski ezaguna da gasteiztar asko bertatik pasa direlako haren egoitzetatik. Ezaguna da IKAren metodologia propioa ere, komunikazioan oinarritua", laburbildu dute.

Arabako Errioxan, herriz herri

Arabako Errioxan ere ekin diote matrikulazio kanpainari. Ohi bezala, ikasi nahi duen pertsona orori matrikulazioa errazteko asmoz, euskaltegiak hainbat bilera prestatu ditu eskualdeko herrietan. 

Horietan zehaztuko dute, besteak beste, zenbat ikaslegai dauden, zein maila egin behar duen bakoitzak, eta taldea osatzeko ordutegirik egokiena zein izango den. Irailaren azken astean banan-banan deituko diete ikasleei, maila bakoitzeko taldeak zein herritan eta zein ordutan sortu diren esateko. 

Bi orduko eskolak izan ohi dira, gehienetan astean zortzi ordukoak, baina baina ordu gutxiagokoak ere. Internet bidezko sistema ere eskaintzen dute klasera bertaratu ezin direnentzat, tutoretza eta mintza saioekin osatuta.

Bestetik, matrikulazio kanpainaren abaguneaz baliatu dira irailaren 19an, Oiongo zinean, 20:00etan izango den Amoranteren emanaldiaren berri emateko. Doako sarrera izango dela aurreratu dute IKAko arduradunek.

Herrietako aurkezpenei dagokienez, honako hauek izango dira hitzorduak:

- Irailak 09, 09:30, Lapuebla de Labarca, Ikastolan.
- Irailak 09, 19:30, Lapuebla de Labarca, Ikastolan.
- Irailak 10, 19:30, Guardia, Euskaltegian.
- Irailak 11, 09:00, Oion, Hegoalde aretoan.
- Irailak 11, 19:30, Oion, Euskaltegian.
- Irailak 12, 19:00, Logroño, Hizkuntza eskolan, 1.11 aretoan.
- Irailak 13, 09:30, Lantziego, Gizarte etxean.
- Irailak 13, 20:00, Lantziego, Gizarte etxean.
- Irailak 13, 19:00, Elvillar, Jubilatuen azpialdean.
- Irailak 16, 09:30, Bastida, Kultur etxean.
- Irailak 16, 19:30, Bastida, Kultur etxean.
- Irailak 17, 10:00, Eltziego, Irakasleen etxean.
- Irailak 17, 19:00, Eltziego, Irakasleen etxean.
- Irailak 18, 20:00, Mendabia, Mendaberria lokalean.
- Irailak 20, 19:00, Samaniego, Osasun zentroan.
- Irailak 20, 20:15, Villabuena, Kultur aretoan.
- Irailak 23, 09:30, Viana, Elena Matute aretoan.
- Irailak 23, 19:30, Viana, Elena Matute aretoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago