Arabako Elkarrekin-Podemos IU batzarkide taldeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren erregulazioa hilabete baino lehen aldatzeko eskatu dio foru aldundiari, gutxieneko soldataren adinako edo gutxiagoko lan etekinak jasotzen dituzten zergadunek errentaren aitorpena egin behar izatea saihesteko. Koalizioak premiazko mozioa erregistratu du Ogasun, Finantza eta Aurrekontu batzordean eztabaidatzeko.
David Rodriguez bozeramaileak salatu duenez, aldundiak Arabako Batzar Nagusietan, apirilaren 24an, onartutako mozioak gauzatu gabe jarraitzen du. Mozioak PFEZaren aitorpena aurkezteko beharra ezartzen duen langa ekonomikoa aldatzeko eskatzen zuen, gutxieneko soldataren zenbateko bereko edo gutxiagoko errentei zergak arintzeko.
Rodriguezen esanetan, ezinbestekoa eta premiazkoa da legezko aldaketa egokiak egitea, errenta txikienak zergapetzea saihesteko. "Ez du inolako justifikaziorik errenta txikienek izapide horren atzerapena eta horrek beren ekonomietan duen eragin negatiboa jasaten jarraitzea; beraz, premiazkoa eta beharrezkoa da aldaketa atzerapenik gabe egitea", azaldu du Rodriguezek.