Arte Vital sariaren beste edizio bat aurkeztu du Vital Fundazioak. Deialdi honetan, hainbat izango dira berrikuntzak. Batetik, e-postaz aurkeztutako lanen aurretiko hautaketa egongo da; erakusketa bikoitza egingo da edizio honetako irabazleekin eta hautatuekin Arte eta Lanbide Eskolan, eta 2023koekin ZAS Kulturren. Gainera, mahai-ingurua egingo da irabazleekin, iaz egin zen bezala, irailean bertan, eta bisita gidatuak egingo dira bi erakusketetara.
Arte Vital sariaren helburua gertuko arteari laguntzea eta hedatzea da. Baldintza bakarrak 16 urtetik gora izatea eta Araban jaio, bizi, ikasi izana edo lan egitea dira. Lehiaketa pintura, eskultura, argazkilaritza eta beste teknika batzuei dago irekita. Gaia librea da. Parte hartzaile bakoitzak banaka lan bakarra aurkez dezake, berria, originala, argitaratu gabea eta sinatua, eta bi artista edo gehiagoren lan kolektiboekin ere parte har dezake lehiaketan.
Aurten, lehiaketak bi fase ditu aurkezteko: lehena posta elektronikoz eta, bigarrena, presentziala. Lehenengoan, posta elektronikoz bidali beharko da lanaren irudi bat kalitate handian irailaren 30 baino lehen. Bertan, parte hartzailearen datuak eta lanaren deskribapena adieraziko dira. Epaimahai batek ebaluatuko ditu jasotako lanak, eta hautatutako lan guztiek osatuko dute Arte Vital 2024 erakusketa, zeina azaroaren 8an irekiko den jendearentzat Arte eta Lanbide Eskolan. Izan ere, katalogo bat egingo da horretarako.
Lau sari
Arte, kultura eta kritika arloko profesional ospetsuek osatutako epaimahaiak, gainera, edizio honetako lau artelan irabazleak aukeratuko ditu. Bakoitzak 1.500 euro jasoko ditu. Edizio honetan ere, Vital Fundazioak Zas Kultur elkartearen laguntza izango du. Erakusketa bat egingo da hantxe, azaroaren 8tik abenduaren 10era, 2023ko irabazleen lanekin, eta bisita gidatu bat haren protagonistekin, azaroan bertan.