Arabako Foru Aldundiak ekonomia zirkularra, industrializazio iraunkorra, energia garbien ezarpena eta ekodiseinua sarituko ditu, eta hautagaitzak aurkezteko epea zapaldu du horretarako. Bigarren edizioa dute sariek, eta industriek jasangarriagoak izateko egindako ahaleginak aitortzea du helburu, Aldundiak duen ingurumenarekiko konpromisoa berresteaz gain.
Baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzea, eta prozesu industrial garbiak izatea erronka handia da industrian. Horregatik, Aldundiak saritu egingo du ingurumena kontuan hartzea bai industriako prozesuetan eta baita produktuak diseinatzeko prozesuan ere.
Hiru sari banatuko dituzte, irabazleak 5.000 euro jasoko ditu, eta bigarren eta hirugarren postuan gelditzen direnek hiru eta bi mila euro bakoitzak, hurrenez hurren. Egoitza edo helbide soziala Arabako Lurralde Historikoan duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte sariak. Nortasun juridikoa izan beharko dute horretarako, eta sektore publikoko erakundeek ezin dute parte hartu. Hemen ikus daitezke lehiaketaren oinarriak eta hemen eman daiteke izena.
Iaz, industriarako tresnak ekoizten dituen EGA Master enpresak jaso zuen lehen saria Industrializazio Jasangarriaren, Energia Garbien eta Ekodiseinuaren arloko Jardunbide Egokien Lehiaketan. Bodegas Valdemar eta Udapa Kooperatiba ere saritu zituen aldundiak lehen edizioan.