Aldundiaren eta Gasteizko Elizbarrutiak 545.400 euro bideratuko dituzte aurten hainbat eraikin eta artelan kontserbatzeko, aldundiak ohar batean ezagutzera eman duenez. Adierazi dutenez, diru ekarpena "erdibana" egingo dute elizak eta foru erakundeak.
Alde bakoitzeko batzorde tekniko banak egindako proposamenean oinarritu dira Ana del Val Kultura diputatua Carlos Garcia Llata Gasteizko Elizbarrutiko bikarioa esku hartzeak zehazteko.
Gotzaindegiarenak diren Bastidako Jasokundearen Andre Mariaren eliza eta Urbinako elizan 300.000 euroko esku hartzea egingo dute. Bastidakoaren kasuan, obren bigarren fase bati ekingo diote, 210.000 euroko aurrekontuarekin. Urbinan, berriz, 90.000 euroko ekarpena egingo dute, "obraren osagarri" gisa.
Bestetik, 80.000 euro honako esku hartzeetara bideratuko dituzte: Armiñongo San Andres elizako Ama Birjinaren Koroatzea pinturaren zaharberritzea amaitzea, Moskardorreko sagrarioa kontserbatzea eta zaharberritzea, Aguraingo Done Joan elizan dagoen Karmengo erretaularen mazoneria zaharberritzea eta, azkenik, Argoteko erretaula kolapsatuaren egitura berrikustea eta zaharberritzea.
Bestetik, beste 165.400 euroko inbertsioa egingo dute Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa mantentzeko. Azken honekin, museoaren "kudeaketa eta funtzionamendua" bermatuko dutela adierazi dute bi erakundeek.