AKEtik Eusko Jaurlaritzara mugituko da Terreros

Erredakzioa 2024ko ira. 3a, 10:07

Maria Gonzalezek ordezkatuko du Joseba Terreros AKEn. Argazkiak:AKE

Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari izango da Terreros. Hereñako kontzejuko Maria Gonzalez Solak hartuko du AKEko lehendakaritza.

Joseba Terrerosek Arabako Kontzejuen Elkarteko (AKE) presidente kargua utziko duela iragarri du, elkarteko kideei zuzendutako gutun baten bidez. Terrerosek jakinarazi du hemendik aurrera Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari izango dela Eusko Jaurlaritza. Proposamena Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak egin diola azaldu du.

Gutunean, Terrerosek bere esker ona adierazi du AKEko buru izan den sei urteetan jasotako babesagatik. "2018tik, elkarte honetako lehendakari izateko ohorea izan dut, eta Arabako kontzeju guztien aldetik aparteko tratua jaso dut", esan du Terrerosek. "Sei urteko elkarlana eta era guztietako esperientziak izan dira. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet zuetako bakoitzari, denbora honetan guztian zuen laguntza eta lankidetzagatik".

Alde egin arren, Terrerosek ziurtatu du landa ingurunearekin duen konpromiso sendoa mantenduko duela. "Sinesten dudanaren alde, gure landa ingurunearen alde eta gure kontzejuen alde lan egiten jarraituko dut, nahiz eta orain arte ez bezala izan". Halaber, edonon dagoela ere, Arabako kontzejuei eta, batez ere, AKEri laguntzen jarraituko diela esan du Terrerosek.

Orain, AKEren lehendakaritza Maria Gonzalez Sola Hereñako kontzejuko lehendakariordeak hartuko du, elkartearen estatutuek ezartzen dutenaren arabera. Terrerosek zuzendaritza batzordeko kideei "erabateko babesa" adierazi die, eta bereziki nabarmendu du Gonzalezen lana.

Terrerosek ere bere talde hurbilenari aipamen berezia egiteko aprobetxatu du. "Ezin dut amaitu aipamen berezirik egin gabe denbora honetan nirekin egon zareten pertsonei: Laura, Elvira, Ana Mari, Maria eta Lucas... eta, guztiaren gainetik, gure langileei. Zuen eguneroko lan eta konpromiso handia funtsezkoa izan da eta dira gure elkartearen funtzionamendurako eta arrakastarako".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago