Alavabusen bidaiari kopuruak %15ko igoera izan du aurten lehenengo seihilekoan

Erredakzioa 2024ko abuztuaren 27a

Alavabuseko autobusa. Argazkia: ALEA

Arabako garraio zerbitzu publikoak 1,1 milioi erabilera baino gehiago izan ditu 2024ko lehen seihilekoan, iazkoak baino %15,4 gehiago.

Herri arteko garraioaren foru lineetako bidaiariak gehiago izan dira aurten, orain arte, 2023ko lehen seihilekoarekin alderatuta. Azken urte hau "bidaiarien errekor historikoaren urtea" izan zela adierazi du Jon Nogales Mugikortasun Saileko foru diputatuak; beraz, aurtengo datuen balantzea "oso positiboa" dela nabarmendu du.

Hazkundearen arrazoiak zerbitzu publikoa eskaintzeko garatu den "etengabeko hobekuntzarako estrategia" eta deskontu sistema "erakargarria" izan direla arrazoitu du Foru Aldundiak. Izan ere, martxan jarritako deskontu progresiboko sistema berria ohiko bidaiariak saritzeko sortu zen, hilean egindako bidaia kopuruaren arabera. Nogalesek esan duenez, lehen seihileko honetan Alavabusen egindako hiru bidaiatik bat sistema horren onuraduna izan da. BAT txartela pertsonalizatuta daukaten erabiltzaileei txartel arruntaren prezioaren % 72ra arteko deskontua egiten die zerbitzuak.

Alavabuseko zerbitzuak hogei linea batzen ditu guztira, Arabako eta bere inguruneko zenbait herri lotuz. Lehen seihileko honetan Araba Erdialdeko zonaldea nabarmendu da: % 33ko igoera izan du eskarian, batez ere 2023ko maiatzean Gasteiz eta Agurainen arteko ibilbidea 5. linean sartu izanari esker. Halaber, Miranda-Gasteiz-Durango ibilbidean ia % 11 handitu da eskaria, eta Aiarakoan % 8,3 igo dira erabilerak, 2023ko lehen seihilekoaren aldean.

Bestalde, Arabako landagune txikiak beste herriguneekin lotzen dituen eskualdeko garraio zerbitzuak "are bilakaera positiboagoa izan du urtearen lehen erdian", foru aldundiak jakinarazi duenez. Guztira, 45.575 erabiltzaile izan ditu; hau da, % 34,1 handitu da bidaiari kopurua linea hauetan.    

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago