Euskal Herriko I. Argazki Topaketan parte hartzeko deia egin dute

Erredakzioa 2024ko abuztuaren 24a

Euskal Herrian jaio edo bizi diren argazkilariek parte hartu ahalko dute lehiaketan. Argazkia: ENEKO URUÑUELA / UNSPLASH

Irailaren 8ra arteko epea dago Aretxabaletan egingo duten Argazkia.eus topaketen barruko argazki lehiaketan parte hartzeko.

Beste hainbat eragilerekin batera, Aretxabaletako Udalak antolatutako Argazkia.eus Euskal Herriko lehen argazki topaketan parte hartzeko deia egin du Jardin Remoto Gasteizko argazkilaritza eskolak. 2024ko urriaren 5ean izango da topaketa, baina argazki lehiaketan parte hartzeko epea irailaren 8an amaituko da. Topaketan, 300 euroko zortzi sari banatuko dira. Orotara, 2.500 euro banatuko dituzte. Euskal Herriko probintzia bakoitzeko sari bana egongo da, eta beste bat emango diote Aretxabaletako argazkilari onenari. Lehiaketaz gain, Aretxabaletako hitzorduan hitzaldiak eta erakusketak egingo dituzte.

Euskal Herrian jaio edota bizi diren argazkilariek parte hartu ahalko dute lehiaketan. Saria jasotzez gain, argazkilari saridunek parada izango dute beren lana jendaurrean aurkezteko Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, eta baita urrian egingo den argazki erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere. 

Parte hartzaileek karpeta bat aurkeztu beharko dute irailaren 8a baino lehen, honako hauekin: argazki proiektuari buruzko argibideak ematen dituen PDF bat, curriculum artistikoaren PDFa, NANaren kopia edo Euskal Herrian jaio edota bizi dela ziurtatzen duen agiria, eta proiektuaren 20 irudi solte (JPG formatuan, 1920px alderik luzeenean eta 72 ppp-tan). Konprimatu ondoren, karpeta hori WeTransfer bidez bidali beharko da argazkia.eus@gmail.com helbidera, irailaren 8ko 23:59ak baino lehen. Irabazleen izenak 2024ko irailaren 16an ezagutaraziko dituzte. Parte hartzaileek konpromisoa hartzen dute urriaren 5ean egingo den topaketara bertaratu eta beren obra hitzaldi batean aurkezteko, eta baita erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere, beren lana aukeratuta izanez gero.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago