Tentsio handiko lineen eta aerosorgailuen inguruko aurretiazko kontsulta publiko batean, Ekologistak Martxan eta GADEN taldeek hainbat proposamen egin dituzte. Babes neurrietan saguzarrak aintzat hartzeko eskatu dute. Modu berean, azpiegitura energetikorik gabeko eremuak izendatzeko eskatu dute, bai eta energia enpresei kanon bat ezartzeko ere, horrela, neurri zuzentzaileak martxan jarri ahal izateko.
Halako azpiegitura energetikoak ezartzerakoan hegazti fauna babesteko neurriak aintzat hartuko dituen errege dekretu bati egin dizkiote aipatu proposamenak, erakundeek ohar batean jakitera eman dutenez. Araudi hau, "beharrezkoa" ez ezik, "premiazkoa" delakoan daude ekologistak.
Hala, babestu dute prebentzio neurririk eraginkorrena esklusio eremuak ezartzea dela, "hegazti eta saguzarrentzat sentsibilitate handieneko eremuak saihestuz". Norabide horretan, nabarmendu dute oso garrantzitsua dela "hegaldien korridoreak barne hartzen dituzten bazterketa mapak ezartzea" eta identifikatzea, "irizpide zientifikoak eta eguneratutako landa azterketak erabiliz".
Beren proiektuen ebakuazio lineetan "neurri zuzentzaileak finantzatzeko", enpresa energetikoei kanon bat eskatzeko beharra azpimarratu dute ere. Bildutako diruarekin, linea arriskutsuak lekuz aldatzeko, disuasio gailuak instalatzeko eta eragin negatiboak arindu aldera "teknologia aurreratuak" garatzeko aukera egongo litzateke, ekologisten aburuz.
Bestetik, akatsak dituzten ingurumen ebaluazio aurkeztu dituzten enpresei "erantzukizun argiak" eskatzea babestu dute. "Proiektu batek behar bezala ebaluatu ez ziren espezie mehatxatuetan eragin esanguratsuak baditu, enpresek ondorioak onartu behar dituzte, aerosorgailu arriskutsuak kentzea edo azpiegiturak desegitea barne", adierazi dute. Modu berean, azpiegituren ustiapen aldi osoan zehar azterketak egiten jarraitzeko beharra nabarmendu dute.