Eraisteko prozesuan murgilduta dagoen Santa Maria de Garoñako zentral nuklearreko arduradunek iragan uztailaren 26an jakinarazi egin zioten Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari, aireztapen sistemako uhal baten matxurak eraginda kea antzeman zuela suteen aurkako babes-sistemak, zentraleko turbina-eraikinean. Ezarritako prozedurari jarraituz, suteen aurkako brigadak gertakaria aztertu eta kaltetutako ekipoak konpondu ostean, gertakaria gorabeherarik gabe konpondutzat eman zuten.
Zentrala kudeatzen duen Enresa enpresak adierazi duenaren arabera, gertakariak ez du inolako arriskurik eragin ez zentralean lanean ari zirenentzat, ez herritarrentzat, ezta ingurumenarentzat ere.
Garoña eraisteko prozesua
2023ko uztailean, Nuclenorrek instalazioen titulartasuna hondakin nuklearrak kudeatzen dituen Enresa enpresa publikoari eskualdatu zion, instalazioa eraisteko lehen fasean. Bi fasetan egingo dute prozesua, eta lanek hamar urte irautea aurreikusten dute, 2033. urtera arte.
Lehen faseak 2026ra arte iraungo du: turbinaren eraikinaren egiturak eta osagaiak deseraikiko dituzte, eta, bertako hondakinak kudeatu ahal izateko, hainbat instalazio moldatuko dituzte. Erradioaktiboak diren hondakin gehienak maila txiki edo ertainekoak izango dira, eta horiek Cordobako (Espainia) El Cabril hilerri nuklearrera eramango dituzte. Erradioaktibitate handiko erregaia, berriz, ur biltegitik atera eta han bertan, aire zabalean, eraiki duten behin-behineko biltegi batera mugituko dute, estatuko hondakin arriskutsuak har ditzakeen biltegiratze geologiko sakona egon arte. 2073rako espero dute biltegi hori izatea.
Bigarren faseak 2026tik 2033ra arte iraungo du: behin erregaia aterata, "eraikin erradiologikoak" desmuntatuko dituzte, kutsadura kendu eta ingurua "leheneratuko" dute.