Correosen langile falta kaosa sortzen ari dela salatu dute

Erredakzioa 2024ko abu. 8a, 19:16

Correosen bulego bat. Argazkia: Correos

Milaka jakinarazpen trabatuta daude Araban, zuzendaritza berriak egindako murrizketengatik eta kontrataziorik egin ez izanagatik, LAB sindikatuak salatu duenez. Ohartarazi dute udako oporretan dauden langileak ez direla "behar bezala" ordezkatzen ari.

LAB sindikatuak adierazi du "kaos" egoeran dagoela Arabako posta zerbitzua. Arabako Correosen duten atal sindikalak salatu du milaka bidalketa banatu gabe daudela, eta zuzendaritza berriari leporatu diote ardura. Gasteizen, Lautadan, Añanan eta Gorbeialdean dauden arazoak aipatu dituzte bereziki, baina beste leku batzuetan ere antzekoa omen da egoera.

LABek salatu du Correosek ez duela "ia kontrataziorik egin" oporraldian, eta bajak ez direla ordezkatu. Zerbitzua asko kaltetu dela ohartarazi dute, eta aldarrikatu zerbitzu publikoek giza beharrei erantzun behar dietela, ez errentagarritasun ekonomikoari. Lan baldintza duinak eta posta publiko eta kalitatezkoa eskatu dituzte.

Zonalde batzuetan hilabete baino gehiago daramate banaketarik egin gabe, sindikatuaren esanetan. Amazon eta antzeko multinazionalen paketeen aldean jakinarazpenak baztertu egiten dituztela salatu dute, eta ez direla beren helmugara heltzen ari, nahiz eta "herritarrentzat oro har oso garrantzitsuak izan". Gasteizko auzo batzuetan 6.000 eta 8.000 jakinarazpen artean daude trabatuta, jakinarazi dutenez.

LABek ohartarazi du, langileei multinazionalen paketeak lehenesteko esatean, zalantzan gelditzen dela zein den Correosen eginkizuna. "Posta zerbitzu unibertsala betetzen du ala zergarik ordaintzen ez duten internet bidezko enpresa erraldoien interesak asentzen ditu Correosek?"

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago