URA agentziak baieztatu du Zadorrako uren egoera ona dela

Erredakzioa 2024ko uzt. 31a, 10:48

Zadorrak "kolore fosforeszente bizia" duela salatu zuten. Argazkia: Ekologistak Martxan

Ibaian antzemandako berezitasunak beroaren ohiko ondorioak direla adierazi du agentziak.

URA agentziak Zadorra ibaian bi ikerketa egin ditu, Gebaran eta Zuhatzu Donemiliagan, azken egunetan uraren egoerari buruzko ohartarazpenak jaso ondoren. Ekologistak Martxan taldeak ustezko isurketak salatu zituen, uraren kolorazio arraroetan oinarrituta, eta URA agentziari ikertzeko eskatu zion.

Azaldu dutenez, Gebara inguruan antzemandako kolorea bloom algal  efektuaren ondorio da. Tenperatura altuek alga ekoizpena igoarazten dutela azaldu du, eta uraren abiadura txikiarekin batera, antzemandako kolore berde "fosforeszente" bizia sortu da ibaiko uretan. Urtero gertatzen da fenomeno hau, baina aurten beste toki batzuetatik ikus daiteke, eta horrek alarma piztu du talde ekologistarengan. Urtegiaren maila altuak eragin du ur geldien eremua ibaian gora hedatu izana. Datozen asteetan ikertzen jarraituko dutela adierazi dute agentziatik.

Zuhatzu Donemiliagan ere ikertu dute uraren egoera, Gebaratik 10 km ibaian gora. Bertan materia organikoaren deskonposizioari egotzi diote "irregulartasuna", eta hau ere tenperatura altuek azaleratu dutela argudiatu dute. Ikerketa eginda, parametro guztien datuak onak direla jakinarazi du URA agentziak, eta ondorioztatu dute Zadorra, Egileor eta Luzuriaga ibaietan ez dutela ohiz kanpoko isuririk antzeman.

UAGA sindikatuak atzo ukatu zuen Zadorran isuririk egon izana, eta argudiatu zianobakterioen ondorio zela ibaiaren kolorea. Hala baieztatu du orain URAk. Agentziatik gogorarazi dute anomaliarik ikustekotan 112 telefonora deitzea komeni dela, protokoloak abian jarri eta ikertu ahal izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago